ZUZEU | Joseba Uria 2012/7/23
Ezkerreko abertzaleak bat egiteko atarian daude
(...) Hauteskunde hitzarmena baino konplexuagoa izango da Aralarrek eta ABk EA, Ezker Abertzalea eta Alternatibarekin itun estrategikoa sinatzea. Halere, haizea bateratzearen alde dabil, eta, batez ere, haizeak zatiketaren kontra egiten du putz. Testuingurua guztiz berria da. Lehen ez bezala, traba gehienak etxetik kanpo daude orain, ez barnean.
(...) mugarri izango dira, zalantza izpirik gabe, EAEko hauteskundeak. Alderdi abertzale guztiek gehiengo zabala irudika dezakete legebiltzarrean, Nafarroan oraindik urrun dagoena. Inoiz lortu ez dena ikus daiteke Gasteizen: bi indar abertzaleak konsituzionalisten aurretik.
(...) Faltsutu gabeko legebiltzarra osatuko da, ez da gutxi. Gatazkaren konponbidearen mahaian gero eta arazo gutxiago izango dira eta ahotsak argi entzungo dira, distortsiorik gabe. Hortik aurrera, alderdien arteko lehia gero eta parametro osasuntsuagoetan burutzeko egoera sortu behar litzateke. Liskar politikoek proiektu politikoez hitz egingo dute gero eta gehiago; ostera, gutxiago izango dira jarrera baztertzaileak eta muturrekoak. Beste erremediorik ez dago. Inoiz ez bezala, lau indar politiko elkar ulertzera kondenatuta daude.
(...) Garai nahasiak datorkizgu gainera. Hamaika barne eta kanpo faktoreen pean jolastuko dute partida euskal herritarrek. Joko arauak ere ez daude argi, atzo ezinezko zirudiena bihar gauzatu daiteke (Eskoziako erreferenduma, Europaren noraeza, ekonomia krisia, deslokalizazioak, Espainiako autonomia sistemaren eztabaida...). Zorionez, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean, sastraka gutxiago dago bideetan, bai batzuentzat eta bai besteentzat. Eta, ziur ziur, hori guztion osasunerako izango dela oso oso ona.