ARGIA | Pello Zubiria 2012/7/20
Inma
(...) Otsailaren 20a, Inma, ez geunden ederki orduotan Madrilgo leizeren batean duela bederatzi urte. (...) Desdeluego Eusko Jaurlaritzak polizien balizko desmasiak ikertzeko izendatu duen epailea ez da garaiz iritsi zure edo Luis Goiaren lekukotasunak jasotzeko. (...) Gero jakin nuen nik zelda haluzinogeno hartatik arnasestuka entzuten nuen ustezko agurea ez zela hain zaharra, Goia zela, libre atera eta laster zapartatu zitzaion bihotza. Iñaki Uria bai entzun nuen, mila urte barru ere ezagutuko nuke haren ahotsaren auhen mindua. Eta entzun zintudan zu, Inma, konpresa bat eskatzen, dios, honetaz ere idatzi egin behar al da, behar zenuela, eta gorila izateko entrenatutako gizaki haien mespretxua. Minarekin umiliazioa protokoloan. Atzo, otsailak 19, telepatiak lotuko bagintu bezala idatzi zuen Manuel Vicentek El Paisen: «Bajo cualquier dictadura (...) En los sótanos de la brigada política se practica una psicología burda o refinada según la catadura moral del torturador. Si el preso es un rebelde peligroso, el sistema tiene varios métodos para bajarle los humos. La más limpia y humillante forma de tortura consiste en interrogarlo bajo potentes focos completamente desnudo». (...) Espainiar aurreratuenek ondo dakite nola funtzionatzen duten diktadurek munduan zehar eta iritziak ematen dituzte haien etxean horrelakorik ez bailitzan. Beren ordenak ordenatua segi dezan ontzat ematen dute gu bezalako susmagarriak hezitzeko, zer esanik ez gu baino gazteago gaiztoagoak, demokraziak diktadurari alokatzea oinarrizko zerbitzu batzuk. Hori esan behar diot epaile ikerleari, deitzen didanean, oraindik ez dela Espainian amaren semerik jaio goardia zibilak arrastoan sartuko dituenik.