Kontxita Beitia, Mari Karmen Oiarbide, Nekane Auzmendi, Arantza Allur, Aspaldiko andereño batzuk
Andereñoen oihua
Andereñoak gara, frankismo garaian, Elbira Zipitriaren pedagogia ezagutzeko aukera izan, eta klandestinitatean, ikastolak ireki genituenetakoak. Elbirak indarrean zegoen eskola frankista ereduaren aurrean sortu zuen eskola iraultzaile haren aspektu asko geure egin genituen edo egiten saiatu ginen.
Hasiera eta geroagoko jarraipen hartan aritu ginenok, arriskuak arrisku, pozez egin genuen tokatu zitzaigun lana, ez zegoen aukerarik, aurrera egin behar zen. Gure eskura zegoen guztia jarri genuen eskola euskaldun eta molde berrikoa egiteko.
Gure herriak bizi duen egoera berezi eta itxaropentsu honetan, Elbirak Euskal Herriari, euskal kulturari eta aberriarekiko maitasunari ematen zion tokia eta trataera berretsi nahi ditugu. Uste dugu garaia dela bai alde batekoek bai bestekoek dagozkien pausoak eman ditzaten, ditzagun.
Aurretik ere, gerra zibilaren ondorioz, gizartea bananduta, irabazi eta galdu zutenen artean. Handik urte batzuetara ETA sortu zen. Hasiera hartan egin zituzten ekintzek eta prozesu berak taldearen aldeko eta aurkako jarrerak piztu zituen euskaldunon artean, elkarbizitza zailtzeraino.
Aldi berean, ETAk egiten zituen ekintzen ondorioz, jendea sufritzen hasi zen. Gobernua berriz, ETAren aitzakiaz, jada nahiko gogorrak ziren legeak gogortuz joan zen. Eta ez legeak gogortu bakarrik, beste zenbait ekintza ilun, susmopeko atxiloketa andana, eta torturak erabili ere bai, ia gaurdaino.
Egoera honek gizartean desadostasuna eta egonezina sortu ditu, bai alde batekoak bai bestekoak asko sufritzen ari dira, zalantzarik ez. Sufrimendu hori desagertu eta egoera justiziaz konpontzeko bi erakundeek aurrerapausoak eman eta bidea eraiki behar dute.
Azken urte honetan ETAk ez du ekintzarik egin, eta gizartearen zati bat behintzat hori benetakoa dela ikusten ari da; beste aldean daudenek ordea, oraindik sufritzen jarraitzen dute: Epaiketa egin gabe urtetan kartzelan edukitzen dituzte, gero, horietako asko kargurik gabe kalera aterako badira ere. Beste batzuk, nahiz eta zigorra beteta izan, ez dituzte askatzen. Nazioartean tortura debekatuta badago ere, atxilotu askori torturapean egindako adierazpenetan oinarritutako epaiketa egin eta adierazpen horiei zegokien zigorra ematen zaie. Gaixotasun larriak dituztenen eta urrutiratzea pairatzen dutenen sufrimendua ere areagotu egiten da.
Guzti hau kontuan hartuz gero, gaurko legediari eta bere interpretazioari ezin diogu justizia deitu. Euskal Herrian bizi garenok, errespetuan oinarriturik, geroa elkarrekin eraikitzen hastea aldarrikatzen dugu. Gizartea elkartasunez osatuz, ditugun arazo sozial eta ekonomikoak ere, errazago gaindituko ditugu. Gizarte normalizatu eta orekatuagoan bizi nahi dugu.
Elkartasuna adierazi nahi diegu errepidean astero beren senitartekoei bisita egiteko hainbeste kilometro egin behar izaten dituztenei. Elkartasuna, ziega barruan zain, urduri daudenei. Elkartasuna, torturaren beldur beraien herritik ihes egindakoei. Elkartasuna, gatazka hau dela medio senitartekoren bat galdu dutenei. Elkartasuna, gatazkaren ondorioz ahazten zailak diren zauriak jasan dituztenei. Elkartasuna, mehatxupean bizi izan direnei eta direnei.
Gure herriaren aurrerabidea geldi ezinekoa da. Giza Eskubideekin bat eginez, herri hau justiziaz aurrera bidean joan dadin nahiko genuke.
«Itsasoan urak handi dire,/ Murgildu nahi dutenentzat/ Gure herriko lanak handi dire,/ Astun dire, gogor dire,/ Zatiturik gaudenontzat» (Xabier Lete).