GARA > Idatzia > Ekonomia

Aurtengo uzta onari esker, Irulegiko ardogileek goranzko joerari eustea espero dute

Irulegiko ardoak ez du krisirik antzeman. Azken urteotan eskaera handitzen joan da eta ardo beltz guztia saldu ez arren, zuririk eta gorririk gabe daude, iazko ekoizpen osoa saldu ostean. Aurtengoa, aurreko hirurak ez bezala, «oso ona» izan denez, stockak berrosatuko dituzte.

p026_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | IRULEGI

Irulegiko ardo zuri edo gorria hartu nahi duenak zertxobait itxaron beharko du. Izan ere, Irulegi Sotoa (Cave Irouleguy) kooperatibak aurreko uztako ekoizpen guztia saldua dauka (gorria, duela hiru hilabetez geroztik) eta aurtengoa botilaratzen hasi berriak dira. Ardo gorria egunotan botilaratzen ari dira eta datorren hilean hasiko dira zuriarekin.

Aurreko hiru urteetan ez bezala, aurtengo uztaldia «biziki ona» izan dela adierazi du Xavier Pierre Irulegi Sotoko zuzendariak. Horri esker, zuriaren eta gorriaren stocka berriro osatzea espero dute. Ardo beltza, -beren ekoizpen nagusia- oraindik badaukate.

2008, 2009 eta 2010eko uztak urriak izan ziren eta ezin izan zioten eskaera guztiari erantzun. Izan ere, azken urteetan salmentek goranzko joera izan dute. «Iaz ere gauza bera sumatu dugu, zehazki %5 gehiago eskatu baitigute», nabarmendu du Pierrek.

Ardogileek argi daukate salmenten gorakada hori azken hogei urteotan egindako lanari zor dietela: «Orain hogei urte Irulegiko ardoek ez zuten izen onik, baina orduz geroztik lan handia egin dugu, batez ere, kalitatea hobetze aldera. Gure ustetan, lan horren emaitza da gaur egun ardoa ezagunagoa eta estimatuagoa izatea eta, jakina, eskaera handitu izana ere bai».

700.000 botila

Irulegi Sotoa kooperatibak 48 ardogile biltzen ditu, Irulegiko sor-markaren baitan diharduten ekoizleen %90 gutxi gorabehera eta mahastien azaleraren %60 inguru.

Urtean 700.000 botila inguru ekoizten ditu. Ia produkzio osoa (%95) Estatu frantsesean bertan saltzen du eta gainerako %5a atzerrira esportatzen du.

Irulegi sor-markako ardoa egiteko bertako mahatsa erabiltzen dute (beltza egiteko, Tannat, Cabernet franc eta Cabernet Sauvignon, eta zuria ekoizteko, Grons Manseng, Petit Manseng eta Courbu).

Irulegiko ardoa Donibane Garazi eta Baigorri arteko eremuan ekoizten da. Egun, 220 hektarea hartzen ditu hamar bat udalerritan eta 50 bat ardogilek jarduten dute ardogintzan. Orotara, milioi bat botila inguru ekoizten dira urtero.

Ardo tradizionalaren defentsarako lehendabiziko sindikatua 1945ean sortu zuten, eta geroztik kalitatezko izendapenen bidea urratzen joan dira, 1970. urteko urrian Sor-marka Kontrolatua lortu zuten arte. Orduz geroztik, mahastiak gero eta azalera handiagoa hartzen joan dira. 1980 eta 1995 urteen artean hirukoiztu egin zen eremua. Egun, 1.200 hektarea ditu, 15 herritan banatuta.

HIRU MOTA

Baigorriko kooperatibak Irulegiko Ardoa sor-marka duten hiru ardo mota ekoizten ditu: beltza (% 65); gorria (%25) eta zuri lehorra (%10). Azken bien stock guztia saldu zuten iaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo