GARA > Idatzia > Mundua

Tentsio handiko giroa Senegaleko lehendakaritzarako hauteskundeetan

p028_f01_148x116.jpg

GARA | DKAR

Senegalen tentsio giroa nabarmena dela egingo dituzte gaur lehendakaritzarako hauteskundeak. Abdoulaye Wade, orain arteko lehendakariak, Konstituzioak agindutakoaren aurka, hirugarren agintaldi baterako bere burua hautagai gisa azaldu izanak oposizioa biziki haserretu zuen, eta ondorioz hauteskunde kanpainan protesta eta istiluak -zortzi hildako inguru- ugariak izan dira.

Hauteskundeok erronka handia dira Senegalentzat; izan ere, herrialde demokratiko gisa ospe handia izan du orain arte, mendebaldeko Afrikan, independentzia eskuratu ostean estatu kolperik jasan ez duen herrialde bakarra delako, besteak beste.

Alabaina, Wadek hauteskunde hauek irabaziz gero, Senegalek bizi duen krisi politikoa areagotu egingo da eta oposizioaren borroka gogortuko da, kanpainan zehar behin eta berriro ohartarazi dutenez.

Wade tronutik kentzeko asmoz, ordea, 13 hautagai aurkeztu dira gaurko bozetarako, tartean hiru lehen ministro ohi eta Alderdi Sozialistako liderra.

Lehen ministro ohietako bat, Moustapha Niasse da, hirugarren aldiz aurkezten dena. 2000. urtean bozen %17 lortu zituen lehen itzulian. Bigarrengoan aldiz, Waderen hautagaitza babestu eta Abdou Diouf, orduko lehendakaria, garaitzen lagundu zion.

Urte berean, apirilean, Wadek lehen ministro izendatu zuen, baina hamaika hilabeteren buruan Abdou Diouf Gobernutik kanpo uzteko osatu zuten koalizioan sortutako iritzi ezberdinen ondorioz, postua utzi zuen.

2007an berriko ere hautagai gisa aurkeztu zen, eta bozen %5,9 soilik lortu zuen. Aurten ordea, Senegaleko laugarren lehendakaria bilakatzeko asmoa du, hogei bat alderdi eta elkarterekin osatutako koalizioarekin.

Idrissa Seck enpresaria ere Senegalgo lehendakaritza eskuratzeko lehian dabil Idry4president koalizioko lider gisa. Bera ere lehen ministro izan zen 2002an, baina 2004an kaleratua izan zen funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik. 2007ko hauteskundeetan bigarren postua lortu zuen bozen %17 eskuratuta.

Macky Sall ingeniaria ere lehen ministro izan zen 2004tik 2007ra, baina Waderekin hainbat istilu izan ondoren, ardura guztiak utzi eta bere alderdia osatu zuen.

Bere alderdi barneko etsaiek Alderdi Sozialistaren porrotaren errua berari egotzi arren, Ousmane Tanor Dieng hautagaiak alderdiaren haustura saihestu eta bere ospea handitzea lortu du kanpainan zehar.

Alderdi Sozialistako hautagai gisa aurkeztu da eta beste hirurekin batera, Wade garaitzeko aukera handiak ditu azken honek ere.

Bestalde, aurten lehen aldiz, bi emakume aurkeztu dira Senegalgo lehendakaritza eskuratzeko hauteskundeetara; Amsatou Sow Sidibe, unibertsitateko Zuzenbide irakaslea eta Diouma Diakhate jostun ospetsua.

Guztira bost milioi senegaldarri egin diete dei hauteskunde tirabiratsu hauetan parte hartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo