ELKARRIZKETA | IMANOL UBEDA, BIDE ERTZEAN TALDEKO ABESLARI ETA GITARRA JOTZAILEA
«Publikoa berreskuratzeko, musikariok autokritika egin beharko genuke»
Bere anaia Jonirekin batera, 1998an sortu zuen Imanol Ubeda tolosarrak Bide Ertzean. Deabruak Teilatuetan taldetik zetozen biak. Karlos Aranzegi bateria-jotzailea batu zitzaien hasieratik eta azken urteotan boskote moduan dabiltza, Joserra Senperena eta Fran Iturberekin batera. 2010eko irailean «Don Inorrez» (Gaztelupeko hotsak) diskoa aurkeztu zuten eta ostegun honetan Donostian amaituko dute bira.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Ostegunean emango dio Bide Ertzean taldeak amaiera «Don Inorrez» birari. Kursaaleko Kubo txikian (20.00) emanaldi berezia eskainiko dute; «ez da kontzertu bat gehiago izango. Bira amaiera da; gero atseden bat hartuko dugu. Gure intentzioa bueltatzea da, baina ez dakigu ez noiz eta ez nola», esan du Imanol Ubedak, berriro eszenatokietara noiz igoko den ez jakiteak eragiten dion ezinegonaz. «Irribarre batekin `gero arte' esateko aitzakia izango da».
2010eko irailean aurkeztu zenuten diskoa. Ia urte eta erdiko bira izan da.
Bai, eta ez da normala gure kasuan. Ez da oso bira intensoa izan, baina luzatu egin da. Ez gara astebururo furgonetan sartuta egon, baina etengabe aritu gara jotzen. Tartean ere enkarguak jaso ditugu; kantu berri bat grabatu genuen, Intxorta 1937 kultur elkarteak eskatuta. Desberdina izan da eta oso pozik gaude. Hainbeste luzatu bada, esan nahi du bere oihartzuna izan duela. Eta hori da dagoen gauzarik ederrena talde batentzat.
Bira ezberdina izan da, baita diskoa ateratzeko momentua ere. Zuzeneko batetik zentozten, aurretik kaleratutako «Non dira» ere, eduki aldetik, ezberdina izan zen...
«Leidor Sessions», 2009ko zuzenekoa, guretzat inflexio puntu bat izan zen. Momentu onean geunden eta musika talde guztiek beti dute buruan, lehenago edo beranduago, zuzeneko bat grabatzea. Talde bat neurtzeko modu onena da, eta uste dut taldea koska bat gora igo zela. Horretaz «Don Inorrez» diskoarekin jabetu gara. Zuzenekoak badu berezko energia, inperfekzioa baina era berean inperfekzio horren indarra. 2009an hura atera eta 2010ean «Don Inorrez»-ekin etorri ginen, seko diferentea. Soiltasunaren adibide argiena da. Ahalik eta gauza gutxienekin ahalik eta gehien esan. Joera hori hartu genuen, kantuak sofistikatu baino biluzik jarri nahi genituen. Askok galdetu ziguten ea zer arraio egin genuen, eta uste dut kosta egin zitzaiola diskoari bere tokia hartzea. Hitzek ere badute etsipen puntu bat, ez da erraza tematikoki. Baina egia da normalean gehien gustatzen zaizkizun diskoak gehien kostatzen zaizkizunak izaten direla. Harramazka egiten dizun kantu hori barrura sartzen bazaizu, denbora luze baterako geldituko da.
Soiltasunera jo zenuten, baina baziren berrikuntzak ere: Soka zortzikotearen kolaborazioa, country kutsuko doinuak...
Azken urteetan Amerikako erreferentziak asko entzuten ditugu, eta azkenean igarri egiten da zure musikan. Soka sekzioarekin orkestra txiki bat osatu genuen estudioan, EOSeko zortzi musikari izugarrirekin. Hala ere, epikotasunera eraman zitekeen eta sekulako zelofan paper batekin bildu gure kantuak, baina txikitasunera eraman genituen. Are gehiago, lau kantu grabatu genituen orkestrarekin, baina gero estudioan bati kendu egin genizkion erantsi horiek. Iruditzen zitzaigun alde egiten zuela gure ideia soil horretatik, ematen ziola handiuste kutsu bat, berez kantuak ez zuena. Erabili ditugun baliabideak ideia nagusi horren baitan erabili ditugu. Uste dut asmatu genuela soiltasunera jotzen. Aurrerantzean ez dut uste bide horretatik joko dugunik.
Euskal Herritik ateratzeko aukera ere izan duzue.
Kanpoan aritzea, gu bezalako talde batentzat, oso anekdotikoa da beti. Aurretik Madril eta Bartzelonan egon izan gara. Oraingoan egon gara Vic-en, Bartzelonan, Madrilen, Londresko Euskal Etxean... Oso aberasgarria da, betiko zirkuitu horretatik atera eta beste publiko bat topatzen duzu. Baina ez dugu lortzen zirkuitu bat osatzea. Salbuespena, agian, Berri Txarrak izan daiteke. Akaso, egiten duen musikan badagoelako zirkuitu bat, non, gauzak ondo egiten badituzu, badagoen baldintzarik zure tokia egiteko. Talde bat ona bada, berdin zaio zer hizkuntzetan abestu, kantu horrek bere bidea egingo du.
Lisabö izan liteke beste adibide bat.
Baita. Nik uste musika estilo horretan asmatu dutela bidea irekitzen. Beraiek musika mota hori egiten dute gustuko dutelako, ez kanpora ateratzeko. Baina gero, bide hori zabaltzen asmatu dute eta konektatu dute. Niretzat oso pozgarria da, demostratzen duelako hizkuntzak ez duela zertan arazoa izan. Eta izan, bada. Musikak harreman handia du emozioarekin eta emozioa musikak transmititzen du, baina baita hitzek ere. Guk garrantzia ematen diegu hitzei. Baina ez du zertan horrela izan.
Oraingoz, euskal etxeekin elkarlanean jarraitu beharko da.
Gure kasuan bai, eta guk hankak lurrean ditugu. Londres eta Bartzelonan euskal etxetan egon gara. Bada modu bat bide berriak urratzeko.
1998an hasi zineten. Hamalau urte; azken boladan boskote moduan, baina denak zabiltzate mila proiektutan. Zerk lotzen zaituzte jarraitzeko?
Ez gara talde estandarra. Badaude Fito & Fitipaldisekin, Quique Gonzalezekin, Rulo y la Contrabandarekin dabiltzan musikariak, musikari profesionalak. Eta hala ere, taldea mantendu dugu. Bide Ertzean azkenean topaleku bat da. Bakoitzak bere proiektuak ditu, Jonik eta biok ere denbora honetan Deabruakekin egin ditugu gauzak... Egiten dugun horretan sinisten dugu, gustuko dugu eta batez ere, oso ondo pasatzen dugu. Momentua bizi dugu. Bide bat egin dugu, luzea izan da, baina ez intensoa, «Don Inorrez»-en bira bezala. Denboran aurrera egin ahala, uste dut gehiago disfrutatzen ditugula gauzak.
Deabruak Teilatuetan... itzultzeko asmorik?
Txikitatik lagun minen harremana da gurea. Ikasketa eta lan kontuengatik taldea utzi behar izan genuen. Oraintxe, bateria-jotzailea Istanbulen dago lanean, Aritz Bergaran bizi da, Joni Andoainen eta ni Ibarran. Zailtasunak ditugu elkartzeko. Nik uste, geografikoki berriro baldintzak betetzen badira, lokalean bukatuko dugula, baina epe erdira, ez.
Gaur egun asko kostatzen da antzokiak betetzea, gero eta musikari gehiagok jo du autoekoizpenera, kontzertuaren sarrerarekin diskoa oparitzera... Nola ikusten duzu zuk egoera?
Oso garai zailak dira oro har. Baina uste dut musikan garai zailak duela urte batzuetatik hona direla. Orain, hitzetik hortzera dabilen krisi hori baino lehen musikaren industria, diskogintza, krisian zegoen. 2000. urte inguruan, CDen kopiak egiteko sistema iritsi zenean hasi zen krisia. Madonnak 5 milioi disko saldu beharrean 4 saltzen baditu, ba bueno, baina hemen 1.500-2.000 kopia saltzen badituzu eta bat-batean 500, guri kristoren kaltea egin digu. Azkenean disko bat modu txukun batean, teknikari on batekin egin nahi baduzu, hori inbertsio bat da eta diskoetxeak edo taldeak diru bat egin behar du. Salmentak beherantz baldin badoaz, nola mantendu grabazio maila, gero diru iturria ez badator? Bestalde, zikloak daude. Hau da, 80ko hamarkadan izan zen leherketa bat. Kontzertuak egiten ziren eta jendea joan egiten zen, zerbait soziala zen. 90eko hasieran ere bai. Gaztetxeak bete-betean zeuden... Ohiturak aldatu egiten dira eta azken urteotan jendeak bere aisialdian beste gauza batzuk egiten ditu, ez da kontzertuetara joaten. Baina uste dut ziklikoa dela, eta jendea bueltatuko da. Oraindik mantentzen dira gaztetxeak eta uste dut Euskal Herria eta euskal musikariok beti egongo garela zorretan gaztetxe azpiegiturarekin. Hor sendotu dira gure taldeak, publikoa ere hor zegoen eta gure bidea beraiei esker egin dugu. Gero etorri ziren instituzioak, kafe antzokiak... Kristoren antzoki ederrak ditugu musika egiteko. Gogoratzen naiz txikitan Ruperri entzuten niola areto faltagatik kexatzen. «Frontoietan jo behar dugu. Frontoiak pilotan egiteko dira», zioen. Arrazoi osoa zuen. Orain antzokiak ditugu, kultur etxe oso onak. Zorionez, iruditzen zait Victoria Eugenia, Arriaga, Kursaal... hasi direla euskal musikan erreparatzen eta hori oso positiboa da, ze orain arte atzerriko musika programatzen zen. Publikoa berreskuratzeko, autokritika pixka bat ere egin beharko da. Erakartzeko, gu ere hasi beharko gara gauza onak egiten. Oso erraza da publikoa joan egin dela esatea. Berri Txarrakekin badago, Ken Zazpirekin ere bai...
Askok Interneten aldeko apustua egin dute. Musika ezagutarazi, kontzertuetara jendea erakartzeko.
Baliabide bat da Internet. Lehen kaseteak ziren, biniloak, CDak... Tresnak dira publikora iristeko, aitzakia bat zure musikaren berri emateko. Helburua publikoarengana iristea da, gero emanaldiak egiteko. Musikaren espresioa zuzenekoa da. Hor nolabaiteko nora eza dago, hedabideetan gertatzen ari den bezala. Oraindik ez dugu oso argi Internetek zein paper jokatuko duen. Badaude Spotify bezalako fenomenoak, musika plataformak... Soportea fisikoa zenean, zure banatzailea iristen zen tokira baino ez zinen iristen. Orain, mundu osoan entzun dezakete zure kantua. Sekulako abantaila da hori, horizontalizatu egiten ditu gauzak.
Madriletik sari bat ere iritsi zitzaizuen; Euskal kantu onena izan zen «Don Inorrez».
Sariak gugan eztabaida piztu zuen. Beti egon gara sari eta lehiaketen kontra, baina sekula ez dugu jaso saririk, eta noski, ezin genuen oso ozen esan. Eman zigutenean gure barne eztabaida hori zen. Sarien kontra gaude, kultura adierazpen gehienak horietatik kanpo egon behar dute, musikak horren gainetik egon behar du. Badakit lehiaketak argitaletxeetatik datozela, eta momentu batean sari batek balio du proposamen bat sustatzeko. Guri sariak lagundu egin digu, kontzertu batzuk atera zaizkigu horri esker, batez ere kanpoan. Mediatikoki ere kokatu gaitu eta jende batentzat existitzen gara orain. Baina uste dugu musika sustatzeko beste tresna batzuk behar direla. Gu ez ginen sari horretara aurkeztu. Bat-batean gure burua ikusi genuen Ken Zazpi eta Olatz Zugastirekin lehian. Hori erridikulua da. Badakigu gainera, bozkatzen dutenak musikariak direla. Joserra, Fran eta Karlos musikari profesionalak dira eta Espainiako musikari askorekin aritzen dira. Eta badakigu, gure lagunak diren musikari batzuek, kanpokoak direnak, gure alde bozkatu zutela, fede onez. Gure barne kontraesan horretan, eskertu beharra ere ikusten genuen. Eta erdibideko erabaki bat hartu genuen. Saria hartzera joan, eta esan: «Eskerrik asko, gure alde bozkatu duzuen guztioi, badakigu fede onez egin duzuela, baina era berean gu sariketen kontra gaude, musika sustatzeko beste formula batzuk bilatu behar dira». Denek txalo egin zuten, eta pentsatu genuen ze mundu hipokritan bizi garen. Denok pentsatzen dugu hori, baina era berean saria jaso nahi dugu oihartzun handiagoa izateko. Gala hau prestatzeko erabili duzuen dirua erabil ezazue zirkuitu bat prestatzeko. Saria jasotzera baino, nahiago dugu Madrilera jotzera joan.
Beste eztabaida bat litzateke kategoriak nola banatzen diren eta «euskal» horretan zer sartzen den.
Madrilgo instituzio horiek, AIE edo SGAEk, nahi gabe, homologatu egiten zaituzte, beren jokoan sartzen zara. Diskoetxeek aurkezten dituzte hautagaiak eta Espainiak homologatzen du euskal kantu onena. Diodan bezala, istripu bat izan zen.
A.A.