GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zero zabor» sistema garatzeko eta garraio politika koherentea sustatzeko eskatu du Bizi!-k

Energia eta klimaren gaineko arazoez jabetzeko ordua iritsi dela esan du Bizi! mugimenduak, eta horretarako, lekuko agintariei erabakiak har ditzaten eskatu zieten. Martxoaren 11n giza katea eginen dute Baionan.

p020_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Martxoaren 11n beteko da urte bat Fukushimako hondamendi nuklearra gertatu zenetik, eta urteurren «triste» horren karietara, energia eta klimaren problematikaz jabetzeko ordua iritsi dela nabarmendu zuen atzo Bizi! mugimendu ekologistak.

«Gure etxea sutan da eta beste norabait begiratzen dugu» mezua zabalduz, lekuko agintariei lehenbailehen erabakiak har ditzaten eskatu zieten atzo. Ildo horretatik, Ipar Euskal Herriko ingurumen arloan puri-purian diren gaiei dagokienez proposamen zehatzak egin zituzten.

Hondakinen arazoa izan zen horietariko bat. Bil Ta Garbi zaborrak kudeatzen dituen egiturari eskaera egin zion Bizi!-k; hain zuzen, Sarrikotapean (Zuberoa) eta Baionan (Lapurdi) hondakinen tratamendu mekano-biologikoa egiteko zentroak eraikitzekoak direla-eta, zaborren tratamenduari aterabide egokiago bat atzemateko ikerketa sakontzeko eskatu zion.

Horren harira, Gipuzkoan abian den Zero Zabor sistema goraipatu, eta zaborren tratamenduari egun ematen zaion aterabide egokiena dela nabarmendu zuen talde ekologistak.

«Zaborren tratamendua zorroztuko duten arau berriak finkatuko dira Europan, eta, tratamendu mekano-biologikotik ateratako konpostak ez du arau horiekin bat eginen. Konpost horrek ez du deuserako balio izanen eta lurperatu egin beharko da», ohartarazi zuten. Bestalde, Ipar Euskal Herrian berotegi-efektuko gasen %25 garraio arloak isurtzen du, eta, maila hori %50etik gorakoa da Baiona, Angelu eta Biarritzeko hiriguneetara hurbiltzean.

Horren aitzinean, autoari alternatiba orokorra eta koherentea bilatzeko ordua iritsi dela esan zuen Bizi!-k. Horretarako, proposamen zehatzak egin zituen: BAB hirigunean autoari erreserbatuak zaizkion bideak azkarki garatu, bizikleta bide sareak sortu, kostaldearen eta barnealdearen artean autobus-zerbitzu eskaintza garatu, hurbileko tren eskaintza emendatu eta merkantzien tren-garraioaren benetako garapena bultzatzea.

Proiektu horiek gauzatzeko, AHT linea berriaren proiektua behin betiko baztertzea eta horretarako zehaztutako aurrekontua beste egitasmo horietarako baliatzea proposatu zuen.

Giza katea, Garoñaren aurka

Garraio arloari alternatiba bat emateko, urtebeteko hausnarketa egin dezaten eskatzeko Garapen Kontseilu eta Hautetsien Kontseiluarekin harremanetan jarri direla jakinarazi zuten.

Halaber, Ikea salgunea ezartzearen aurka agertu zen Bizi!. Eta, saltegiari «ongi etorria» eman aurretik, gizarte, ingurumen eta kontsumo ereduari dagokionez horrelako egitasmo batek sor ditzakeen arazoak ongi aztertzeko eskatu zieten erabakitzeko eskumena dutenei. Azkenik, martxoaren 11ko urteurrenaren karietara, «Garoñako zentralaren berehalako itxiera» aldarrikatzeko giza katea eginen du Bizi!-k Baionan.

Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe taldeko kidea izanen da bertan. Horrekin batera, martxoaren 8tik 10era, «Energia zalantzan» gai nagusiaren gaineko hitzaldiak eginen dituzte Ipar Euskal Herriko hainbat herritan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo