GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Zubeldia eta Arrate Egaña garaile, Donostia Hiria sarietan

Mikel Zubeldiak eta Arrate Egañak eskuratu dituzte euskarazko ipuin eta antzerki sailetako sariak, eta Juan Retanak eta Oscar Sanzek gaztelaniazkoak, inoiz baino lan gehiago jaso dituzten Donostia Hiriko Kutxa literatura sarietan. Guztira 1.250 obra lehiatu dira, eta batez ere antzerkian izan da gorakada, euskaraz zein gaztelaniaz, %60koa zehazki. Sekula baino nazioartekoagoa ere izan da 52. edizio hau, baina sari guztiak etxean eta Katalunian gelditu dira.

p056_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Mikel Zubeldiaren «Marlboro gizona»-k irabazi zuen Donostia Hiriko euskarazko ipuinaren saria. Margolari baten istorioa da donostiarrarena, pinturari eta identitateari buruz gogoeta egiten duena. Gizonezko biluzien inguruan serie bat egiten ari dela, margolariak kalean bizi den gizon bat ezagutzen du eta pentsatzen du aproposa izan daitekeela bere lanerako. Gerturatu eta estudiora erakartzea lortzen duenean hasten da dena.

Ez da hau Zubeldiak jasotako lehendabiziko saria; aitzinetik Euskaltzaindiaren nobela saria, Inazio Aldekoa Arabako ipuin lehiaketa eta Zumaiako Julene Azpeitia irabaziak ditu, bertzeak bertze. Baina 10.000 euro eta garaikurra dakartzan Donostia Hiriko sari honek ezustean harrapatu zuen Amerikara egindako bidaia batetik bueltan, eta poza eman zion, poz handia. «Topiko bat da idazleek esaten duguna, baina denbora asko eskatzen duen lana da eta sarri zaila izaten da aitorpena lortzea. Askotan, idatzi eta inguruko jendeak eta betiko lagunek irakurtzen digute, baina interesatzen zaiguna jendearengana iristea da eta sari hau bultzada da horretarako», adierazi zuen.

Aho batez aukeratua

Iñaki Aldekoak, Enkarni Genuak, Jon Kortazarrek, Maria Jose Olaziregik eta Miren Azkaratek osatutako epaimahaiaren izenean, azken honek azaldu zuen 56 ipuin aurkeztu direla euskaraz, aspaldian oroitzen zuten kopururik handiena. Irabazlea aho batez aukeratu zuten, bere erritmo zalu eta orekatuagatik, irakurlea orrietan aitzinera bultzatzeagatik. «Margolaria oraindik aurkitu ez duen zerbaiten bila dabil, obsesio bihurtzeraino, eta artearen bidez aurkitu nahi du barne munduan falta zaion hori, oraindik ez dakien hori. Ezin izan du, bizitza gailendu zaio, gogorra, biolentoa eta teatrala den ipuinean», deskribatu zuen Azkaratek.

Gaztelaniazko ipuinen atalean, 934 proposamen jaso zituzten eta galtzaileen inguruko lan bat izan zen irabazlea, Bartzelonan bizi den baina Lizarrakoa den Juan Retanaren «Pregúntadselo a Katherina Meier». «1945ean galtzaile izan ziren alemaniar zibilen azalean jarri nahi nuen, birrindutako Dresden hirian. Jende honek porrotaren ondotik nola biziraun zuen azaldu nahi nuen, bi pertsonaiaren bidez. Alde batetik, soldadu besamotz bat, errefuxiatuen eremura eramana, eta bestetik bonbardaketan umezurtz gelditu den 14 urteko neskatila bat. Txikizio horretan, ezerez horretan, bi pertsonaia hauek maite dituztenen bila ari dira, bizi diren ala ez jakin gabe», kontatu zuen egileak.

Aitortu zuenez, gogo handia zuen Donostiako sari hau eskuratzeko: «50 urte ditut eta denbora luzea daramat idazten. 19 urterekin Bilboko Saria irabazi nuen; famatu egin zen alkateak sari hori erretzeko agindu zuelako. Nik gaztelaniazkoa irabazi nuen eta Joseba Sarrionandiak, euskarazkoa. Eta hurrengo urtean, Donostiako Sarian hirugarren egin nuenean, gogo izugarriarekin gelditu nintzen irabazteko». Lizarrako idazleak hiru eleberri ditu kaleratuak, baina, berak erraten duen bezala, «bigarren eta hirugarren mailan», sariei esker beti.

«Egia» da jasotako 16 euskarazko antzerki obretatik Kutxak 20.000 eurorekin saritu duena; Bermeoko Arrate Egañarena da eta sare sozialek dakartzaten arriskuez hausnarketa egiten du. Bere ibilbide pertsonalaren bidez, honako ondoriora iristen da terapeuta bat: egia erran behar da. Orduan, bere bezeroek eman dioten informazio guztia kaleratzea erabakitzen du. Hori, jakina, hagitz kaltegarria izanen da dituen bezeroentzat, beren sekretu guztiak airatuko dituelako. Bilkura antzeko bat antolatzen dute eta bertan terapeuta konbentzitzen saiatzen dira hori ez egiteko, egia, neurri batetik aurrera, kaltegarria ere izan daitekeelako.

«Akzioa dramatikoa da, baina aldi berean, ospakizun bat ari da gertatzen, terapeutaren urtebetetze festa. Jai horretara gonbidatuta daude bezeroak ere eta euren artean antolatzen dira terapeutaren kontra egiteko».

Egañarentzat garrantzitsua da sari hau, antzerkikoa delako eta berak gutxi idatzi duelako genero horretan. Gidoigintza ikastaro bat egina da eta gidoigintzaren eta antzerkiaren arteko lotura polita iruditzen zaio. Anitz gustatuko litzaioke «Egia» taula gainean antzeztuta ikustea; hori du azkeneko xedea, baina bere eskuetatik kanpo sentitzen du hori. Bitartean, idazten segitzen du eta udaberrian helduentzako ipuin bilduma bat plazaratuko du, «Paradisua» izenekoa.

Barru-barrutik ateratakoa

Gaztelaniazko antzerki obra onenaren saria ere Katalunia aldera joan zen, Hospitalet de Llobregatera. Oscar Sanzen «De la misma pasta» gizartean zuzena ez den giro batean kokatutako obra izan zen epaimahaikideek aukeratu zuten lana, Romualdo Salcedok aipatu zuenez, hainbat dohainengatik, baina batez ere eszenek ez dutelako dena erraten. Sanzi gustatu zitzaion ezaugarri hori nabarmentzea, zerbait irekia uztea eszena bakoitzean, hala irakurlea eta ikuslea harrapatzeko eta hurrengo atalera bultzatzeko.

Barru-barrutik atera zitzaion «De la misma pasta», eta gero berridazten eta berridazten ibili zen behin betiko bertsiora iritsi arte. «Desegituratutako familia bat da protagonista, alkoholarekin lotutako arazoak eta indarkeria sufritzen dituena. Hala ere, argi izpi bat jarri nahi izan dut eta, istorioa gogorra izan arren, momentu umoretsu ugari ditu, automatikoki ateratzen baitzait bi orrialde dramatikoren ondoren zerbait irrigarria sartzea».

Ama da familiaren zutabea; gogorra, borrokalaria, laztan eta mimoak maite ez dituena, agertzen ez den pertsonaia batek -senarrak- kaltetua. Esteban bere gonapeko semea du. Diru bat kobratzen du ezintasun posible bat dela medio eta komiki zaharren salmentan aritzen da, baina ez hagitz serio. Lucas bere anaia kartzelan egona da eta alkoholarekin arazoak ditu, eta arrebak, egoerarekin gaindituta eta erotu aitzinetik, etxetik hanka egin zuen 15 urterekin. Orain, ama eri dago eta denak elkartu dira berriro teilatupe berean.

Bertze sarituek bezala, Sanzek anitz estimatzen du saria, «gogorra baita antzerkia idaztea, eta ez idazteak eskatzen duen lanarengatik, gero lan horrekin gertatzen denarengatik baizik». «Zer egiten duzu gero idatzitakoarekin? Zeinek erreparatzen dio? Guk konpainia bat dugu eta azkena idatzi dudan testua guk geuk ekoiztu genuen. Baina batzuetan idazleok salduta gelditzen gara, antzerkira eramango dutenak fidelak izanen diren ez dakigula». Sari honekin zoriontsu dago, lasaitasuna ekarri diolako ekonomikoki eta emozionalki, eta motibazioa.

BARNE EGOERAK

«Marlboro gizona» ipuinean, barne egoerak eramaten du margolaria gai bat ala bertzea aukeratzera, eta artearen bidetik aurkitu nahi du barne munduan falta zaion eta etengabe, obsesio bihurtzeraino, bilatzen duen hori.

SEKRETUAK AIRERA

«Egia» antzerki obran, terapeuta batek Internetez bezeroek kontatutako sekretuak airatzea erabakitzen du, egiaren mesedetan, baina egia ez da ona puntu batetik aitzinera eta bezeroak asmoa eragozten saiatuko dira.

Dresdeneko biztanleen larruan, bonbardaketa bortitzean

«Pregúntadselo a Katherina Meier» ipuineko neskatila hagitz gaztea da, bizitza bezain zaharra hala ere, eta bere memoria bikainaz baliatzen da birrindutako Dresden hirian, hormetan senide eta lagunen bila itsatsitako mezuetatik eta jendeak bilatzeko duen beharretik etekinak lortzeko. Juan Retana egilearentzat erronka zen alemaniarren azalean jartzea. «Gainetik kendu nahi nuen Alemania naziaren ideia eta 14 urteko neska baten lekuan jarri 1946an, umezurtz, Gernikakoa bezain bonbardaketa bortitzean», agertu zuen. M. I.

EZPAL BEREKOAK

«De la misma pasta» lanean, familia desegituratu bat da protagonista, Bartzelonako auzo bateko pisu kaskar batean bizi dena. Ama eritzean, hiru seme-alabek nola jokatzen duten azaltzen du.

HELBURUA

Lau irabazleak zoriontzeaz gain, Carlos Ruiz Kutxako ordezkariak oroitarazi zuen Donostia Hiria literatura sarien helburua jendea irakurtzera eta antzerki obrak ikustera bultzatzea dela.

EN LAS BARDENAS

El filme se rodará íntegramente en las Bardenas Reales, a donde el realizador catalán se desplazará entre marzo y diciembre siguiendo el rastro del legendario bandolero Sanchicorrota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo