Baxoa euskaraz egin ahal izan arte «irmo» jarraituko duela dio Seaskak
A.B. | BAIONA
Hogei urte igaro dira Ikastolen sarean ikasten zuten haurrek lehen aldiko Baxoa azterketa pasa zutenetik. Ospakizun hori baliatu zuen Seaskak berriz ere azterketa hori euskaraz izateko aldarrikatzeko. Atzo egin zuen Baionan, hogei urteotako belaunaldi ezberdinetako ikasleak bilduz.
2008ko urtarrilean Euskararen Erakunde Publikoaren baitan, ikuskariak eta errektoreak aho batez euskararen eta euskarazko hezkuntza egituratze kualitatiboaren norabideak onartu zituztela gogorarazi zuten.
Norabide horiek onartzean, azterketentzat neurri egokiak bidean emanak izan daitezen, eta bereziki, euskaraz Baxoa pasatzea aholkatu zuten. Geroztik, ez denez aitzinamendurik izan, ozenki aldarrikatu zuten Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea.
Horrekin, Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak berriz ere mahai gainean jarri zuen aurreko hilabetean «azterketak oztopatzeko» egin zuten mehatxua.
«Parean mugitzen ez badira, gu mugituko gara», esan zuen Gorostiagak. Eta, atzoko agerraldi jendetsuarekin, erabaki horrekin irmo jarraituko dutela erakutsi zuten.
Sinadura bilketa
«Biharko mediku, arkitekto edo hiru sareetako euskarazko irakasleak Seaskatik aterako» direla gogoraraziz jarraitu zuen, eta «errespetu eta ezagupen» handiagoa merezi dutela nabarmendu zuen.
Egungo Bernat Etxepareko ikasleek parte hartu zuten atzoko agerraldian, eta, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Internet bidez sinadura-bilketa kanpaina abiatu dutela jakinarazi zuten.
Azkenik, Seaskaren sarean aritutako ikasle ohiek atzoko ekimena baliatu zuten datorren martxoaren 31n Baionan iraganen den Deiadar manifestaldian parte hartzeko deia zabaltzeko.
Ekimen horretan, euskararen ofizialtasuna eskatzeaz gain, euskarazko Baxoa izateko aldarrikapena ere eginen dute.