GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Agusti Waltarik nahi bezala eraman du finaleko erritmoa

Kubakoak azkar lortu zuen aldea, baina erritmoa jaitsi zuenean, Ozafrain bederatzi puntura jarri zen, eta orduan, amerikarrak amaitzea erabaki zuen.

p049_f01.jpg

WALTARI 40

OZAFRAIN  28

Jon LEUNDA

Agusti Waltarik lortu zuen berriro ere txapela, atzo Baionan jokatu zen finalean. Kubakoak ez zuen bere partidarik onena egin, baina beharrik ere ez zuen izan. Aurretik esana zuen amerikarrak hau izango zela beretzat txapelketako partidarik zailena, eta horrelaxe izan zen, Ozafrainek lan dezente eman baitzion; halere, garbi ikusi zen, inork zalantzarik bazuen ere, bera besteen gainetik dagoela, gutxienez koska bat bai eta agian bi ere bai.

Waltarik partidan zehar zer egin behar zuen garbi zeukan. Hasieratik jarri nahi zuen aurretik, berak finala kontrolpean izateko moduko aldea atera, eta gero lasai jokatu, eta horixe egin zuen. Oso azkar aitzineratu zen markagailuan, eta behin 27-12 aurretik jarri zenean, asko lasaitu zuen bere jokoa.

Ozafrainek ere ez zuen inoiz etsi; etengabe aritu zen lanean, eta horri esker markagailua asko itxuratu zuen. Hala, galdu arren, amaieran gustura zegoen Bankako atzelari beteranoa. Bost final jokatu ditu, eta hori galdu arren, trinketeko esku pilotak eman duen onenetakoa izan da bera.

Atzoko saioan garbi zegoen zer gertatuko zen. Ozafrainek berak ere garbi utzi zuen txapela lortzea zaila izango zela, eta horrelaxe izan zen. Une oro egon zen partidan sartuta, nahiz eta alde handierakin atzetik egon, eta aurkaria lasaituta ikusi zuenean bederatzi kintzetara jarri zen, 37-28, baina orduan amerikarrak azkar amaitu nahi izan zuen partida, eta horrelaxe egin zuen.

Honekin bosgarren txapela jantzi zuen Agusti Walltarik, eta zerbait gertatu ezean, beste batzuk ere lortuko dituela garbi ikusten da. Ozafrainek, berriz, 38 urte ditu, eta ikusiko da datorren urtean aterako den ala ez. Honek ere bost final baditu, nahiz eta horietatik bi bakarrik irabazi dituen.

Binakakoa

Binakako aurrekanporaketako ligaxka atzo abiatu zen Modernen bertan, finalaren aurretik jokatu zen partidan. Agirrek eta Bonebeltxek lehen punta lortu zuten Intxausperi eta Lazkanori 40 eta 35 irabazita. Emaitza estua izan arren, ezin esan neurketa oso ona izan zenik, bi bikoek huts asko egin baitzituzten norgehiagokan zehar.

 

Itxura ona

Galdu arren, Patrick Ozafrain beteranoak oso partida ona egin zuen. Nahiz eta hasieratik alde handiarekin atzetik aritu, une oro finalean sartuta egon zen, eta aurtengo txapelketan Kubakoa gehien estutu duen pilotaria izan da.

Besteen gainetik

Lehendik norbaitek zalantzarik baldin bazuen, aurtengo txapelketan garbi ikusi da Waltarik besteei koska bat edo bi kentzen dizkiela. Jokatzeko era berezia dauka, baina araudiaren barruan dago, eta hori ez da ahaztu behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo