GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Kilometroak 2012

Ikastolen aldeko jaiak ingelesez ere badakiela erakutsi du Andoainen

Astea gutxitan bezala hasteko aukera izan zuten atzo Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasleek. Aurtengo Kilometroen prestaketa lanetan hasita daude dagoeneko, eta atzo, Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldeko Emmanouel Papamakarios, Jimmy Baron eta Andy Ogideren bisita izan zutenez, ingelesa praktikan jarri eta galdera sorta ederra egin zieten jokalariei.

p020_f01.jpg

Urte berezia izango da aurtengoa Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Pasa den urriaren 2an Azpeitiko Ikasberri ikastolaren eskutik Gipuzkoako ikastolen jai nagusia antolatzeko lekukoa jaso zutenetik, erlojupeko lasterketa bat hasi zuten.

Prestaketa horien harira, atzo

Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldeak eta Kilometroak Kultur Elkarteak azken urteotan sinatutako lankidetza-hitzarmena berritu zuten. Horren arabera, besteak beste, urriaren 7ko jai erraldoiaren aurretik, Kilometroen aldeko saskibaloi partidu bat jokatuko dute.

Hala jasotzen du atzo Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak eta Gorka Ramoneda Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldearen lehendakariak sinatu zuten hitzarmenak. Era berean, hitzarmen horrekin lotuta dago, Kilometroak jaiak klubaren eta saskibaloiaren sustapenerako bere gain hartzen duen konpromisoa.

Jokalariak, ikasgelan

Sinaduren atzetik iritsi ziren urduritasun eta barre algarak ikastolako DBH-3 eta DBH-4ko 70 bat ikasleren artera. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariekin egoteko zorionekoak beraiek izan baziren ere, beste ikasturteetakoek ez zuten aukera galdu nahi izan, eta leihoetan pilatuta, jokalariak gertutik ikusteko modua izan zuten.

Jimmy Baron, Emmanouel Papamakarios eta Andy Ogide jokalariak primeran portatu ziren, egun batez kazetari bihurtu ziren gazteen gogoeta eta galderei erantzuten. Ikasleek aurretik fin-fin prestatutako galderak bota zizkieten, beldurrik gabe, irakaslea adi-adi zutela. Gazteen galderei esker jakin dugu Baron jokalari estatubatuarra, zehazki Rhode Island Estatuko East Greenwich herrikoa dena, Euskal Herrian oso gustura dagoela, argazkiak ateratzeko paisaia paregabeak daudela hemen, eta itsasoa eta mendia parez pare egotea asko baloratzen duela. Kazetari gazteei ez zitzaien oharkabean pasatu Baronek berak asteburuan taldeari azken momentuan emandako garaipena. Bere ahotik atera ziren, gainera, galdera asko eta askoren erantzunak.

Papamakarios greziarrak Donostia bizitzeko hiri perfektua dela azaldu zuen, eta saskibaloi jokalari profesionala izateko, altuera baino gogor lan egitea garrantzitsuagoa dela jakinarazi zien gazteei. Estatubatuarrak esandakoaz jabetzea baino greziarrari ulertzea aise errazagoa zela konturatuko ziren ikasleak.

Eta noski derrigorrezko galdera ere zen falta izan, eta algarak sortu ziren Ogidek oinetakoan 52 zenbakia ibiltzen duela jakitean. Harridura aurpegiak aurretik zetozen, hala ere, ikastolako jolastokian eskuak neurtzen jardun zutenetik.

Ordurako eguneko helburuetako bi beteta zeuden: batetik, gazteei kirolarekiko zaletasuna igortzea lortu zuten; eta aldi berean, bestetik, Ikastolen Elkarteak bultzatutako Eleanitz English egitasmoaren harira, solasaldi osoa ingeles hutsean egitea.

Aita Larramendi ikastolako ikasleek zorioneko jarraitzen dute gaur ere. Bastero kulturgunera joatekotan baitira Abel Barriola pilotaria, Kattalin Olasagasti eskubaloi jokalaria, Naroa Agirre pertika jauzilaria, eta Eñaut Zubikarai, Dani Estrada eta Joseba Llorente Realeko jokalariak. Aurrerantzean ere ezusteak eta lana partekatzen jarraituko dute urriaren 7ko helmugara heldu bitartean.

Ana ABARIZKETA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo