GARA > Idatzia > Kultura

Bizkaiko eskualde orok du taldea abian den Bertsolari Gazteen XX. BBK Sariketan

Alvaro HILARIO | BILBO

Durangoko institutuak hartuko du gaur, eguerdiko hamabietan, Bertsolari Gazteen XX. BBK Sariketako lehenengo saioa. Bertan, aurrez aurre izango ditugu Lea-Artibai eta Bilboaldeko taldeak. Taldekakoa eta eskualdekakoa izatea da hogei urte bete dituen bertsolari gazteentzako txapelketa honen ezaugarri nagusia. Bertan, Bizkaiko zazpi eskualdeetako (Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterria, Ipar Uribe eta Lea-Artibai) taldeek adin maila bitan (18 urte arte eta 19-24 urte) parte hartuko dute. Gaurko Durangoko saioaren atzetik, beste bi izango ditugu: martxoaren 6an, Arratia-Durangaldea, Igorreko Lasarte kultur aretoan; eta 7an, Enkarterri-Busturialdea, Zallako institutuan. Finalaurrekoak martxoaren 13an eta 14an jokatuko dituzte, Derion eta Markinan. Martxoaren 23an izango da finala, 19.00etan, Bilboko Kafe Antzokian.

Bizkai osoko bertso eskolak zein ikastetxeak biltzen dituen BBK Sariketa bertsolarien harrobi eta mintegia dugu: Mañukorta izan ezik, egun plazan dabiltzan bertsolari bizkaitar guztiak bertan ibiliak dira. Izan ere, bertsolari gazteek jendaurrean kantatzeko aukera izatea eta konfiantza hartzea dira, besteak beste, Sariketaren helburuetako bi. Horrela, garrantzitsua da lehian sartzen diren taldeetako batek etxean bertan jokatzea, nahiz eta Durangoko saioan gertatzen den lez, batzuetan ezinezkoa suertatu. Ildo bereko azalpena du ordutegi eta «plaza» berezi hauek aukeratu izanak, institutuak, kasu: bertsolari gazteak ikasleak direlako, eta ahalik eta beren adineko kide eta lagun gehien joan dadin saioetara. Bestalde, taldekako txapelketa izateak gazteei presioa kentzea du xede. Azken hiru urteotan, txapelketa bi eroan ditu Ipar Uribek eta beste bat Lea-Artibaik. Aurten ere faboritoen artean ditugu talde biak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo