Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Marka aurretik
Oloteko Espai Zer01 aretoa itxi dute, hamar urteko ibilaldi baten ondoren. Gironako iparraldean kokaturiko 34.000 biztanleko hiria da Olot, eta Katalunia osoko arte munduan erreferentzia bihurtu da azken urteotan, kalitate handiko artista gazteei emandako erakusketa aukerengatik. Udalak, ordea, espazioari eta bertako langileei dagokien kostu txikia (bere urteko aurrekontuaren %0,27) moztea erabaki du. Generalitatek eta Gironako Diputazioak beste aldera begiratu dute. Egun batzuk lehenago, hilaren hasieran, Kataluniatik beste itxiera baten berri zetorkigun, edo irekiera baten deuseztatzearena, Canodrom Bartzelonako Arte Garaikideko museoa, eraikina berregin ondoren, ez delako irekiko.
Urruti geratzen zaigu Olot, distantzian zein irudimenean. Estrategia, ordea, ez zaigu arrotz Euskal Herrian. Hemen ere arte gazteago, edo ez horren masiboa denari, dedikatzen zaizkion ekimenak gutxira doaz. Orain dela bost urte ez zen zalantzarik Euskal Herria eta Katalunia arte berriaren kontuetan Europako mailan jartzeko orduan. Gaur egun ametsa litzateke hori, eta gure artista gazteek Berlinera, Londresera edo Madrilera egiten dute ihes.
Bitartean, Guggenheimen MACBA-La Caixako bilduma dugu ikusgai: nazioarteko arte modernoaren marka eta inguruko garaikidearena elkartzen dira, banku baten babespean, onartutako produktu ofizialen inbentarioa egiteko. Esanguratsua eta profetikoa: agintari gehienak arte marka handi, bakar eta errentagarri baten alde apustu egiteko prest daude; artista gazteek bila dezatela errekonozimendua Europan, hemen aukerarik izan aurretik.