GARA > Idatzia > Euskal Herria

Integrazio Batzordearen sostenguz, Partaidetza Egunak antolatu dituzte

Ahalmen urriko seme-alaben eskolatzea laguntzeko, aurten ere elkartasun deia egin du Integrazio Batzordeak. Legez eskubide hori aitortua duten arren, Hezkuntza Ministerio frantsesak ez die osoki bermatzen.

p014_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | DONIBANE LOHIZUNE

Seaskaren sarean eskolatuak diren ahalmen urriko haurrez arduratzen den Integrazio Batzordeak urteroko sostengu kanpaina abiatu berri du. Aurten, indarrean emango diote hasiera; izan ere, martxoaren 17rako, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hamabi bat herritan Partaidetza Egunak deiturikoak antolatu dituzte.

Egun horien zein beste hamaika ekimenen helburua, Integrazio Batzordearen lana aurkeztearekin batera, ahalik eta laguntza ekonomiko handiena erdiestea izango da. Xede horrekin, besteren artean, berrikitan Watson, Mouss eta Hakim musikarien laguntzarekin ahalmen urriko hainbat gaztek argitaratu duten CDa salgai izango da 6 euroan.

Haur horiek behar dituzten laguntza eta giza baliabide gehigarriak legez aitortuak badira ere, Estatuak ez ditu eskubide horiek osoki bermatzen. Hala, elkarteak gizartearen, taldeen edota enpresen sostengua premiazkoa du bere zereginari aurre egiteko.

Guraso adoretsuak

Dominique Idiart Integrazio Batzordeko lehendakariak Donibane Lohizunen egindako agerraldian nabarmendu zuenez, lehenik eta behin, «gurasoen mobilizazioa ezinbestekoa da legez haurrei dagozkien eskubideak bermatzeko». Gurasook beren haurrek eskatzen dieten dedikazio bereziaz gain, Estatuaren hutsuneak bete behar dituzte.

Aurtengo ikasturtean ahalmen urriko 38 ikasle ari dira Seaskako 16 ikastoletan. Gehienak behar dituzten hezkuntzarako laguntzaile berezien (AVS) kostua Estatuaren gain bada ere, zazpi AVS postuen zama ekonomikoa Integrazio Batzordearen bizkar geratzen da.

2005etik legeak sare arruntetan eskolatzeko aitortzen dien eskubidea egikaritzeko, gurasoek auzitegietara jo izan dute azken urteotan. Iaz sei kasutan arrazoi eman zieten eta Estatua kalte-ordainak ematera zigortu zuten. Badira oraindik auzibidean dauden hainbat prozedura erabakiaren zain.

Elkartasunerako deia

Gorabehera horiek guztiek diru premiak areagotzen dituzte. Aurtengo egoera, halere, «iazkoa baino hobea» dela esan zuen Ladis Arrosagaraik: «2011n 150.000 euro behar genituen eta ia dena -16.000 euro izan ezik- biltzea lortu genuen. Aurten kalkulatu dugu 100.000 euro beharko ditugula».

Haatik, elkartasunak behar-beharrezkoa izaten segitzen duela gogorarazi zuten. «Ahalmen urriko haurrak eskola eremuetan integratzea biziki garrantzitsua da, eskolaren bidez haur eta gazte horiek gizartean integratzen baitira eta, gainera, eraikitzen dugun eskolak biharko gizartea prestatzen duelako», azaldu zuen Idiartek.

Haur horiek baldintza onenetan eskolatzeko aukera izan dezaten, urtero egin ohi duten bezala, aurten ere elkarte eta talde askotarikoek ekimen andana bultzatuko dituztela espero dute Integrazio Batzordeko gurasoek.

38 ikasle

Aurtengo ikasturtean ahalmen urriko 38 ikasle daude eskolatuak Seaskaren 16 ikastetxeetan. Horietatik 4 Haur Hezkuntzan; 14, Lehen Mailan eta beste 20, Bigarren Mailako kolegioetan.

GEHIGARRIAK

Eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzte euskaraz hainbat talderekin (Lema, Surf Escapade, Traboules, Auñamendi, Xiba...) eta Xalbador kolegioan egitura berezia sortu dute zailtasunak dituztenentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo