Udako Euskal Unibertsitateak inoiz baino ikastaro gehiago emango ditu udaberrian
GARA | EIBAR
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udaberrian Eibarren eskainiko dituen ikasturteak aurkeztu zituen atzo, etengabeko prestakuntza herritar guztiei zabaltzeko asmoz. Gaurkotasuna, kalitatea, gizartearen premiak eta euskarazko formazioa ardatz hartuta, urtetik urtera eskaintza akademiko zabalagoa ematen du.
UEUk bizi duen egoera zaila kontuan hartuta, aurtengo ikastaroetan inoiz baino jende gehiagok izena ematea nahi dute arduradunek. Hala, bi ildo nagusitan banatuko dira ikasgaiak, informatika eta teknologia berriak batetik, eta giza eta gizarte-gaiak bestetik. Ikastaroen inguruko argibideak www.ueu.org atarian daude ikusgai.
Atzoko prentsaurrekoan Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusiak, Mari Karmen Menika UEUko Ikastetxe Nagusiko arduradunak eta Esther Kareaga Eibarko Euskara-Kultura batzordeburuak hartu zuten parte.
Sarasuak etengabe ikasteak duen garrantzia azpimarratu zuen eta UEUk behar hori asetzeko egin duen apustua nabarmendu: «Bizi dugun krisi garai honetan, ezinbestekoa bihurtu da gure ezagutza etengabe berritzen joatea. Helburu horri jarraituz, UEUk duela sei ikasturte UEUren Markeskoako Ikastaroak -udaberrian eta udazkenean- abiatu genituen, kalitatezko goi-mailako euskarazko formazioa eskaintzeko asmoz. Erantzuna oso ona izan da; izan ere, ordutik hona parte hartzeak etengabe gora egin baitu».
Ikastaroetan izena ematen duen jendearen profilaz ere mintzatu zen; batez ere, emakumea, 30 urtetik gorakoa, unibertsitateko ikasketak egindakoa eta lanean ari dena dela esan zuen. Era berean erakundeak egoera zaila bizi duela ekarri zuen gogora eta aurrekoak bezain arrakastatsuak izatea espero duela. «Gastuak murrizteko hainbat erabaki zail hartu ditugu, eta orain gure asmoa gure sarrera propioak handitzea da». Beraz, ahalik eta jende gehienak izena ematea beharrezkoa dutela azpimarratu zuen; ikastaroetan parte hartzera deitu zuten, ikasteaz gain, UEUri laguntzeko.
Esther Kareagak UEUk euskal gizartean zeregin garrantzitsua betetzen duela adierazi zuen eta Eibarko Udalarentzat ohorea dela UEUk egoitza akademikoa bertan izatea. Eibartarrek ikastaro hauetan izena ematen badute, laguntzak izango dituztela jakinarazi zuen.