GARA > Idatzia > Kultura

Euskal sortzaileak ezagutarazteko, Euskal Herrira eta mundura zabalduko da Laburbira

Bederatzigarren aldiz, Topaguneak Laburbira ikus-entzunezko zirkuitua antolatu du martxoa eta apirila bitartean. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan galegoz egindako lan bat proiektatuko dute.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Ostegunean hasita eta datorren apirilaren 3ra arte film laburrak hartuko dituzte Euskal Herriko eta atzerriko 30 herritako zinema eta aretoek. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburuarekin, zortzi lan eskainiko ditu Topaguneak, animaziozkoak, dokumentalak eta fikziozkoak.

Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du eta horietako batzuen ondoren, ikusleek zuzendari batekin solasean aritzeko aukera izango dute.

«Aberria», hasierak

Aurtengo berrikuntzen artean Gotzon Elortzaren «Aberria» dokumentala izango da. 1961ean egina, euskaraz egindako lehenengoetakoa da eta aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten du, garaiko euskal kulturaren ikur izan ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariekin eta Victor Olaeta dantzariarekin.

Bestetik, eta lehen aldiz Laburbiran, euskara erabiltzen ez duen lan bat eskainiko da. Aurten Xoxe Diazen «Instalacion» lana izango da, Galizian eta galegoz egindakoa. Iazko Durangoko Azokan Galizia izan zen ikus-entzunezkoei eskainitako gunearen protagonista eta, ekimen hori eredu harturik, Topaguneak hizkuntza gutxitu batean sortutako lan bat gehituko du bere programazioan. Bertan arte garaikideko museo bateko zuzendariak, kritiken presiopean dela, bere izen ona babestu eta finantziazioa bermatuko dion premiazko instalazio baten bilaketa azaltzen du Xoxe Diazek.

Bestetik, Topaguneak sortutako Benito Ansola bekekin iaz ekoitzitako lehen bi lanak ere barneratu ditu aurtengo Laburbiraren egitarauan. Lehena, Joseba Uberuagaren «Izena duena» lana da, 3D animaziozko ipuin laburra da, Basajaun protagonista duena. Bestea Paul Urkijo eta David Zabalaren «Ohe azpiko zera» da, gerra zibilean girotutako hamahiru minutuko istorioa, alegia.

Gainerako lanak Maialen Sarasuaren «Hemen nago», Jon Garañoren «Urrezko eraztuna», Goya sarietarako hautagaitza zuen Gregorio Muroren «Zeinek gehiago iraun» eta Revolta Permanent taldearen «Kantuka» bideoklipa izango dira.

Jon Garaño zuzendariak atzo azaldu zuenez, Topaguneak bultzatutakoaren gisako ekimenak «txalotzekoak» dira eta deigarria iruditu zitzaion lan moten ugaritasuna. «Gu hasi ginenean bi lan egiten ziren urtean euskaraz, eta gaur asko gara lanean. Poztekoa da», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo