Oier Azkarraga Grajales | Murgia
«Grazie!». Eskerrik asko!
Lehenik eta behin esan behar dut, hemen idazten dudana balorazio pertsonal bat dela, nire izenean baino ez dut hitz egiten, baina uste dut joan den astean Italian eta munduko beste hamaika herritan egon garen askok ni bezala pentsatuko dutela.
Italian pasatu dugu azken astea Gazte eta Ikasle mugimenduko kide batzuk, Euskal Herriaren Lagunak elkarteak antolaturiko Euskal Herriarekiko elkartasun astean. Italian egon gara, bai, Erroman, Milanon eta Firenzen. Hango ikasle eta gazteekin egon gara, eztabaidatu dugu, gure egoera azaldu diegu, haiengandik ikasi dugu, barre egin dugu, ondo pasatu dugu, baina batez ere maitasuna, samurtasuna nabaritu dugu. Che Guevarak zioen internazionalismoa herrien arteko samurtasuna dela, eta arrazoia zuen, arrazoi osoa.
Guk samurtasun hori nabaritu dugu momenturo. haien etxeak ireki dizkigute, beso zabalik hartu gaituzte, belarriak garbi entzun behar zuten guztia entzuteko, mingaina prest galdetzeko, eztabaidatzeko, kritika zorrotzak egiteko.
Unibertsitatez unibertsitate ibili gara, gaztetxez gaztetxe, hitzaldiz hitzaldi, baina ez pentsa dena lana izan dela, barre egiteko tartea ere topatu dugu. Nire italiera maila altuarekin... Trenez tren ibili gara alde batetik bestera, hainbat anekdota polit ditugu kontatzeko, eta hurrengo egunetan zehar kontatuko dizkizuegu Mari Grazziaren anekdotak, Firenzeko gelattoak...
Italiako okupazio mugimendua ere azpimarratzekoa da. Gaztetxe erraldoiak, barruan errugbi zelaiak zituztenak, taberna okupatuak eta baita okindegi okupatuak ere!
Pixkanaka hainbat gauza kontatuko dizkizuegu, kalimotxo on bat tartean, eta kontatuko dizuet nola hitzaldi bat emateko ura edan beharrean, litroko garagardoak genituen... baina gaurko hau oso zentzu argia du. Italian jaso gaituzten gazte horiei guztiei eskerrak ematea, haien anaia-arrebak bagina bezala tratatu gaituztenei, gu hartzeagatik euren bizitza baztertu dutenei... Horiei guztiei eskerrik asko!
Internazionalistak gara, internazionalistak ginen, internazionalistak izan gara, gure herriekiko maitasuna areagotu duzue, sozialismoa praktikan zer den, dena ematea zer den erakutsi diguzue.
Martxoaren 3an ezingo gara Milanon egon, ezingo naiz Milanon egon, Gasteizen egon beharko dudalako, urtero bezala, izan zirelako garela eta garelako izango direla aldarrikatuz. Eta orain inoiz baino gehiago sozialismoa gure irtenbide bakarra dela aldarrikatzeko. Hala ere, deitu nahi zaituztet ahal duzuen guztiok han egotera. Elkartasun internazionalista behar-beharrezkoa dugulako!
Eta besterik gabe, hango gazteei azken mezu bat: Ci vediamo in Euskal Herria! Euskal Herrian ikusiko gara!