Martxoak 3 Elkarteak Lakuako jarrera «baztertzaile eta arbitrarioa» salatu du
Ion SALGADO | GASTEIZ
Larunbatean gasteiztarrek urteurren hitsa izango dute gogoan. Duela 36 urte, Espainiako polizien eraso armatuak odolez bete zituen Zaramaga auzoko kaleak, 1976. urtean izan ziren grebei erantzunez. Atzo, eraso honen biktimek agerian utzi zuten errudunen zigorgabetasuna, eta Estatu espainolari eskatu zioten behingoz aitor dezala berari dagokion erantzukizuna «bere egitura polizialek eragindako sufrimendua, orokorrean, eta bereiziki, Gasteizko sarraskia» dela-eta.
Arabako hiriburuan egindako prentsaurrekoan, Lander Garciak eta Andoni Txaskok, Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileek, gogor kritikatu zuten Gasteizko eta Madrilgo agintari politikoek biktimen auzian hartu duten jarrera «baztertzaile eta arbitrarioa». Beraien ustez, bi Gobernuek biktimen artean bereizketak egin nahi dituzte.
Bereizkeria hori bukatzeko, Euskal Herrian «egiaren batzorde» bat eratzea proposatu zuen Garciak Zaramagako Memoria Gunean bildutako komunikabideen aurrean. Azaldu zuen bezala, egiaren batzorde horrek «zigorgabetasuna bermatu duten estatu egituretatik kanpokoa» izan behar du.
Lakuak pasa den astean Estatuaren biktimei buruz aurkeztu zuen dekretuari dagokionez, Martxoak 3 Elkarteak, Lau Haizetara Gogoan taldeak egin zuen bezala, Gasteizko Gobernuak giza eskubideen urraketak daten arabera sailkatu nahi dituela salatu zuen.
«Gure kasuan, bi dekretu ezberdinetan parte hartzera behartzen gaitu Mendiak aurkeztutako testuak, 1976an eta 2006an pairatu genuelako poliziaren indarkeria», adierazi zuten bi bozeramaileek. Txaskok esan zuenez, Lakuako dekretuak egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko eskubideak ez ditu aipatzen. «Beraz, dekretu horren planteamenduak ez dira onargarriak nazioarteko agiriaren ikuspuntutik».
Halaber, Andoni Txaskok ezker abertzaleak pasa den igandean Donostian egindako ekitaldi politikoari buruz hitz egin zuen. Beraren ustez, «ulertezina da ezker abertzaleak ETAren biktimei buruz egindako adierazpena zalantzan jartzen duten alderdiek Estatu espainolak eragindako biktimak kontuan ez izatea».
Senidetasun ekitaldia
Bestalde, Garciak eta Txaskok datorren larunbateko (martxoak 3) egitaraua aurkeztu zuten atzo. Ekitaldi esanguratsuena eguerdikoa izango da. 13.30ean hainbat alderdiren bozeramaileak bilduko dira Martxoak 3 plazan, 1976an hil zituzten bost langileei omenaldia egiteko. Ondoren, 18.00etan, manifestazioa abiatuko da erdialdetik, sindikatuek antolatua.
Horrez gain, Martxoak 3 Elkarteak senidetasun ekitaldia ere egingo du larunbatean, Juan Gabriel Rodrigoren (Tarragona) eta Vicente Anton Ferreroren (Basauri) familiak aintzat hartuta. Biak Espainiako poliziak egindako erasoen ondorioz hil ziren 1976. urteko martxoan. «Martxoaren 3an izandako sarraskia salatzeko izandako manifestaldien kontra ezarri zuten errepresioaren biktimak izan ziren», adierazi zuen Txaskok.