Eskubideen aldeko borrokak ez du erretiroa hartzen
Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformek Madrilgo Gobernuak ezarritako neurri ekonomikoek dakarten prekarietate gero eta handiagoa salatu zuten atzo. Urte luzeetako lanaren ondoren, bizimodu duina izateko eskubidea gero eta urratuago sumatzen dute haren kontrako erasoen ondorioz, hainbat lagunen egoera «muturrekoa» izateraino. Egoera horrek hobera egin dezan, hain zuzen, plataforma horiek foru aldundien eta udalen arduradunekin biltzeko asmoa dutela esan zuten, eta erakunde horietara zenbait proposamen eramango dituzte, hala nola etxez etxeko zerbitzuaren ordutegia zabaltzea, etxebizitzak egokitzeko laguntzak, udalerrietako oztopo arkitektonikoak desagerraraztea edo gizarte prestazioetarako izapideak azkartzea. Ez da euskal pentsiodunak jendaurrean agertu diren lehenbizikoa; lehenago ere, krisiaren aitzakian Madrilgo, EAEko eta Nafarroako gobernuek egindako murrizketak salatu eta horien aurka mobilizatu izan baitira. Izan ere, pentsiodunak dira, adineko jendea, baina beste edozeinen eskubide berberak dituzte; baita, eskarmentuaz gainera, eskubide horiei euste aldera borrokatzeko adorea ere. Horien jarrera eredugarriak euskal gehiengo sindikalak martxoaren 29rako deitutako grebarekin bat egitera eraman ditu, eskubideen aldeko borrokak ez duela erretiro datarik erakutsiz.