GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Elkarbizitza?

«Hitzak baino ez dira, damutu eta kalera!», bota zuen negua ezagutzen ez duten kultura horien ohiko berba jarioan. Ezin zaio natura isilik ezagutu ez duenari hitzen balioa azaldu

Con la iglesia hemos topado, esan ei zion Mantxako zaldun iharrak Santxori. Eta gauza bera pentsatu nuen nik, nire lagunari mila eta bat gauak kontatzen zebilzkion gazte kolonbiarraren eskuetan zegoen egunkariko azalari begira.

Mendebaldeko lurraldeetako gotzainek dokumentu adostua aurkeztu zuten domekan. Bertan presoen aferari zuzenki loturik ageri den biktimen gaiari ekiten zioten Bibliako pasarte eta pasarte artean. San Pabloren «Zaharra amaitu zen, berria hasi da dagoeneko» (2 Co5, 17) ezin hobea iruditu zitzaidan euren bazkide, zentzu etimologikoan, erran nahi baita, «bazka kide» popularrei, ez horren herrikoiei, azaltzeko.

Euskal erresistentzia armatuko kideei damutzeko eta borroka armatuaren biktimei barkatzeko eskatu zieten. Eskemak egokia lirudike gatazka politiko historikoa desagertzeraino sinplifikatuz gero. Eta logikoa den lez, ezkutatzeko gehien daukanari gauzak ahalik eta gehien sinplifikatzea komeni zaio. Espainiar eskumak ez du onartu gura euskal gatazkaren konponketa eta frankismoa guztiz lotuta daudela. Itxaroten dugu Elizak eta Estatuak Franco eta bere garbiketa ideologikoaren ondorio guztiak kondenatuko dituzten eguna. Eurek «gertatutakoaren kondaira» deitzen duten hori ez dago Estatuaren esku. Etxe barruetan, belaunalditik belaunaldira egiten da herri honetan, inbaditua izan zenetik gutxienez. Bestela, galde diezaietela gorriek erretako gernikarren ilobei.

Fededun komunitateari jainko aginduz inposatutako gotzainen tonua eskertzekoa da, hala ere. Wikileaks-ek Jose Maria Aznarrek Stratfor Global Intelligence enpresari egindako ekarpenak argitaratu ditu asteon. Eta argi dago euskal gatazkarako proposatzen duen konponbidea Sri Lankako eredua dela. Tamil tigreak, XXI. mende hasieran munduan existitzen zen askapenerako erakunde armaturik indartsuena, militarki exterminatua izan izanak amesgaizto egarria piztu du boteredunen bihotzetan.

Aberaskumeen Los Andeseko Unibertsitateko ikasle kolonbiarrak esaten zidan onartu beharko genukeela Elizak eskatutakoa irtenbide bezala, M19a adibide legetxe ipinita. «Hitzak baino ez dira, damutu eta kalera!», bota zuen negua ezagutzen ez duten kultura horien ohiko berba jarioan. Ezin zaio natura isilik ezagutu ez duenari hitzen balioa azaldu. Baina boteredunek ezagutzen dute hitzek duten hil ala biziko garrantzia, ostantzean ez lizkigukete eskatuko.

Sekula ez gara damutuko injustiziaren aurka borrokatu izanaz. Are gutxiago inoizko argien dagoenean «zuk semetxo-alabatxo ikasi eta ez bilatu arazorik» diskurtsoaren ondorioa epe luzera zapalkuntzaren areagotzea dela. Nik guztiok askatasun eta justiziaz bizi ahal izango dugun konponbide bat gura dut, ez derrigorrez elkarrekin bizitzeko. Are gehiago, arazo nagusia derrigorrezko elkarbizitza izaten da kasu askotan. Beraz, bederatziehun urtetako tratu txarren ostean nork joan nahi du berradiskidetze terapia batera?

Aska ditzatela gure lagun eta senitartekoak, alde bietako hildakoengatik ez dago zereginik, zoritxarrez. Eta bakoitzak otoi egin diezaiola bere jainkosari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo