GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian Euskaraz-ek Euskaraz Bizi Eguna antolatu du martxoaren 17rako

GARA | DONOSTIA

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) martxoaren 17an Donostian egingo den Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo, hiriburuko Doka kafe antzokian. Bertan, EHEko kide Igone Lamarainek Euskaraz Bizi Egunaren egitasmoa mamituko duen egitarauaren aurkezpena egin eta EHEren webgune berria aurkeztu zuen -www.euskalherrianeuskaraz.org-.

Lamarainen hitzetan, «euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna da Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna».

Atzera begirakoa ere egin zuen EHEko eledunak: «Sei urtez bide egin ostean, Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten hirugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta, Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, iaz Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Etxarri-Aranatz eta Gernika-Lumo izan dira, beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan».

Auzolaneko egitaraua

Auzolanetik sortutako egitaraua ere aurkeztu zuten atzo. Martxoaren 17an, 11.00etan hasiko da eguna, txupinazoarekin. Porrotx pailazoarekin eta Bonberenea txarangarekin kalejira eta bihurrikeriak izango dira jarraian. Hala ere, 10.30ean, San Telmo Aretoan, Hizkuntza Jokabideen Tailerra egingo da. Ondoren, San Telmon bertan, Beñat Gaztelumendik Barry Barrez (Barry Manley) eta Aitor Txarterina antzezleekin batera sortutako bakarrizketa saioaren estreinako antzezpena izango da.

Nazio manifestazioa «alai eta koloretsua» burutuko da arratsaldean, 18.30ean, eta «Euskalduna naiz eta harro nago!» lelopean abiatuko da Bulebarretik. Ibilbidean zehar Patxaranga taldeak alaituko ditu hiriburuko bazterrak.

Iluntzean, egunari bukaera biribila emateko, 21.00etatik aurrera Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeek kontzertua eskainiko dute Trinitate plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo