Kaleratzeen kontra, greba mugagabean jarraituko dute Demaneko langileek
Iraia OIARZABAL | URRETXU
Deman enpresako langileek duela hilabete abiatutako greba mugagabearekin jarraituko dutela berretsi zuten atzo Urretxun eta Beasainen eginiko agerraldietan. Iazko uztailean Autobar Spain multinazionalak Deman erosi zuenetik, 16 langile kaleratu dituzte, 4 abuztuan eta beste 12 urtarrilean ezarritako espedientearen ondorioz.
Kaleratze horiek CCOO eta UGT sindikatuekin hitzartu zituen zuzendaritzak. Alde horretatik, Ibon Fontan ELAko ordezkariak gogorarazi zuen bi sindikatu horiek ez dutela ordezkaritzarik enpresak Euskal Herrian dituen lantegietan. Hori dela eta, zuzendaritzak kaleratzeak atzera bota eta negoziaketari heldu bitartean greba mugagabearekin jarraitzeko asmoa dutela berretsi zuten.
Fontanak azaldu zuenez, Demaneko Euskal Herriko lantegien egoera «berezia» zen, enpresak Estatu espainolean dituen gainerako ordezkaritzekin alderatuz. Izan ere, metalaren hitzarmena aplikatzen zen bertan, eta ondorioz lan baldintza eta soldata hobeak dituzte. Hori dela eta, ELAk akordioak Euskal Herrian negoziatzeko eskaera egin dio zuzendaritzari. Beste irtenbide batzuk badaudela oroitarazi zuen Fontanak, esaterako, langileek proposatutako kaleratze boluntarioak.
Lehenengo urratsa, motza
Hilabeteko borrokaren ostean, zuzendaritzak lehenengo urrats bat egin zuen astelehenean eta langileen ordezkaritzarekin bildu zen Iruñean. Ostera, mahai gainean jarritako proposamena Madrilen UGT eta CCOOrekin adostutakoaren «fotokopia» dela adierazi zuen Fontanak, eta ondorioz ELAk bereari eutsiko diola, ez baitago Madrildik «inposatutako» akordiorik onartzeko prest.