Euskarazko itzultzaile automatiko berria aurkeztu du Lakuako Kultura Sailak
Alvaro HILARIO | BILBO
Gaztelaniazko testuak euskaratzeko itzultzaile automatiko berri bat aurkeztu zuten atzo, Lakuako Gobernuaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Bilboko Alondegian egindako ekitaldian. Gobernnuak estrategikotzat jotako proiektu honek 553.432 euroko aurrekontua izan du orain arte, eta Bartzelonako enpresa batek eta Euskal Herriko beste hiruk gauzatu dute. Itzultzaileak munduko beste hizkuntza askoren parean kokatu du euskara.
«2011. urtea erabakigarria izan zen proiektu hau osatzen duten lau lan garrantzitsuak abian jartzeko, Eusko Jaurlaritzak 1.600.000 euro inbertitu zituelako», adierazi zuen Kultura sailburu Blanca Urgellek. Horietako bat da atzo aurkeztutako itzultzailea: testu labur orokorrak (gehienez 1.024 karakterekoak) gaztelaniatik euskarara itzultzen ditu. Euskarazko testuak gaztelaniaz emango dituena, ingelesezkoak euskaratuko dituena eta horiek guztiak elikatuko dituen itzulpen-memorien Banku Publikoa dira beste hirurak. «Badira beste itzultzaile batzuk, baina hau onena da», esan zuen Urgellek. Hala ere, itzultzailea «hutsik gabekoa ez dela» ohartarazi zuen Urgellek berak. «Primerako tresna badugu ere, tresna da eta berak egindakoa pertsona batek ikuskatu beharko du». Izan ere, makinari egingo zaizkion zuzenketak sistema hobetzeko erabiliko dituzte lehen aipatutako itzulpen-memorien bankuaren bidez.
Bartzelonako Lucy Software Ibéricak garatu du itzultzaile berri hau. Enpresa hau Lakuak deitutako lehiaketa publikoan suertatu zen esleitua. Katalanak ez ezik, teknikari eta enpresa euskaldunak ere aritu dira; horien artean, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako UZEI eta Zerbitek. Hain zuzen ere, hamabi dira azken bi urteotan proiektua aurrera eramaten aritu diren profesionalak.
Egitura informatiko hau EAEko Gobernuaren euskara normalizatzeko egitasmoaren barruan kokatuta dago. Lucy Software enpresako arduradun Juan Alberto Alonsoren aburuz, tresna honen bidez itzelezko pausoa eman du euskarak: «Itzultzaileak munduko hizkuntza nagusien parean ipini du euskara. Gaur egun, informatika-lengoaian tratatzeko prestatuta ez dagoen hizkuntza hilda dago».
Herritar guztiek eskura dute lanabes berria dagoeneko, www.itzultzailea.euskadi.net-en. Ahalik eta itzulpen zuzenena lortzeko, garrantzitsua da gaztelaniazko testua ondo idatzita egotea: akats ortografikorik gabe, tildeak eta puntuazio markak ondo ipinita eta sintaxi zuzenarekin.