Ixabel Etxeberria Irakaslea
Gure baitan indarra dugulako
Nondik ateratzen dugun horrenbeste indar? Herri hau maite dugulako, gure aberastasun bakarra baita, geroan esperantza ematen digulako!Eskuin muturreko «groupe identitaire» taldearen aurkezpena ostegunean egin zen. Talde antifaxistek elgarretaratzea antolatu zuten eta noski, antifaxisten eta poliziaren arteko enfrentamenduetan bukatu zen eguna. Gehienetan, eskuin muturreko taldeek poliziaren babesa lortzen dute, kasu honetan ere. Eskuin muturreko talde honek egun batzuk lehenago trakta banaketa egina zuen Baionan, bertan eraiki behar den meskitaren aurka. Talde honen ildo nagusia meskiten kontrako ekintzetan kokatzen da. Horrez gain, alderdi klasikoen kontra dira, ideologia guztiak baztertuz, komunismoa eta sozialismoa salatuz, liberalismoak hondamendira garamala erranez, ekologismo mota bat aldarrikatuz. Alegia, nahasketa izugarri bat proposatuz, gaur egun herritarrek sufritzen duten zalantzez baliatuz, eremua okupatzen hasiak dira, karrikara ateratzen ari dira eta diskurtso baztertzaileak plazaratuz, tentsioak areagotzen dituzte.
Aspaldi da eskuin muturra plazara ateratzen ari dela, haatik diskurtsoak fintzen, herritarrengana hurbiltzen dira eta konbentzitzen dituzte. Hau da kanpaina denboran agertzen ari zaigun errealitate bat. Horretaz ez da debate handirik izan, Sarkozy etorri den egun berean gertatu delarik. Aldiz, sekulako polemika sortu dute presidenteaz hitz egiteko, sufritzen omen dituen erasoak salatzeko. Kanpaina honetan eskuin muturreko ideologiak sekula baino presentzia handiagoa du, erantzunik ez zaio ematen. Hau oso kezkagarria da, ezkerreko ideiarik ez baita entzuten.
Hautetsiak instituzio baten alde badira, Sarkozy ere! Hau entzuna dugu, diskurtso honen emaitzak ere ezagutu ditugu. Ondorioz, zuzenbideko profesionalak utziko ditugu debatea aitzinatzen, ahalmenak zorrozten eta jarraituko dugu gure betiko lana. Frantziak ez ditu tokiko instituzioak bultzatzen, erreforma mota bat behar du politika liberala eramateko eta Europak definitzen duen ekonomia eta politika jarraitzeko. Ondoko presidenteak Europak manatzen diona eginen du eta demokrazia murriztu behar badu, murriztuko du. Frantziako herritarrek dute hautatuko noraino prest diren joateko norabide horretan. Une honetan hitz guztiek balio dute bozen biltzeko, denek baldintza zailak baitituzte, ez da batere garbi nor aterako den garaile, nahiz eta Sarkozyk duen egoeren manipulatzeko gaitasunak aukera handiak eskaintzen dizkion.
Gurean dena da zailagoa, estatuentzat oso pisu txikia baitugu. Baina gurean, hain txikia izanik atxikimendua handia da, determinazioa «kolosala». Kezka handia dugu gaur egun preso asko daudelako arerioaren esku. Ateak irekitzen ikusi nahi ditugu eta ez da deus heldu. Hau ezinezkoa da. Presoak atera behar dira. Horretan ez dugu amore emanen. Denbora berean, horretarako ere indarra dugulako, gure instituzioa, Udalbiltza, berriz altxatuko dugu eta proiektuak bultzatuko ditugu, Euskal Herrien arteko loturak azkartzeko. Proiektuen sortzeko ere indarra dugulako.
Nondik ateratzen dugun horrenbeste indar? Herri hau maite dugulako, gure aberastasun bakarra baita, geroan esperantza ematen digulako!