GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Asier Vega, Idoye Errazti eta Joseba Gezuraga Bizkaiko Bilduko batzarkideen izenean

Bizkaiko Foru Aldundiaren isiltasuna Erralderen aurrean

Harrigarria irizten diogu EAJk izandako jarrerari, baina batez ere harrigarria egiten zaigu EAJren eta Foru Aldundiaren posizionamendurik eza

Erralderen inguruan asko berba egin da aspaldion. Erraldea, hitza bera, pisua neurtzeko unitatea (5 kg) galtzeko zorian dago, eta Erralde Hiltegia ere ez dago egoera samurragoan. Litekeena da galera biak lotuta egotea: nekazaritzari eta abeltzaintzari garatzeko zenbat eta oztopo gehiago jarri, horiei lotutako hiztegia, orduan eta murritzagoa.

Edozelan ere, kontua da Erralde Hiltegiari arazoak sortu zaizkiola alde guztietatik. Bizkai osoan, kudeaketa eta kontrol publikoaren funtzionatzen duen hiltegi bakarra da, eta bizkaitar guztioi eskaintzen digu zerbitzua. Erralderi esker daukagu bizkaitarrok bertoko kalitatezko okela kontsumitzeko aukera. Gainera, ezin dezakegu ahaztu nekazariei eskaintzen dien zerbitzua. Hiru mila baino gehiago dira Erralde erabiltzen duten baserritarrak, eta zein etorkizun izango dute Erralde betiko ixten bada?

Eusko Jaurlaritzak bere kabuz hartu zuen erabakiaren ondorioz, Erralde hiltegiak itxi beharra izan du, eta erabaki hori sa- lagarria da guztiz ondorioak ikusten baditugu. Oraindik orain, hiltegiaren kudeatzaileak agintariekin hitz egiten ari dira arazoarentzat irtenbidea bilatzeko, baina gure gutun honekin ez dugu Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi. Izango du horretarako aukera aurrerago ere Erralderekin gertatzen denaren arabera, badakigulako hiltegiak osasun neurriak behar den moduan konpondu eta hartuko dituela.

Orain salatzen duguna da, Bizkaiko EAJk eta bide batez Foru Aldundiak gai honetan izan duten jarrera. Harrigarria irizten diogu EAJk izandako jarrerari, baina batez ere harrigarria egiten zaigu EAJren eta Foru Aldundiaren posizionamendurik eza: inork entzun al du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera zein den Erralderen itxieraren aurrean? Egin al du Nekazaritza Sailak inongo adierazpenik Bizkaiko nekazaritzari honek zer ekarriko dion azaltzeko? Guk dakigula, ez. Eta halako egoera latz batean isiltasunak harritu egiten gaitu. Egoera larria da, eta Bizkaiko erakunde gorenari badagokio arazo honen aurrean zerbait esatea.

Eusko Jaurlaritzak hartutako beste erabaki batzuen aurrean Jose Luis Bilbaok arrapaladan erantzun du komunikabideetan euskal Gobernuari eskatuz bere gauzetan ez sartzeko, herrialde bakoitzak bere eskuduntzak dituela... Orain ostera, Osasun Sailak Erralde itxi egin behar dela erabaki duenean, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak bere eskuduntza izan, ez dute ezer esan. Zergatik oraindik inork ez du bere iritzia eman itxieraren aurrean?

Guk atera dugun ondorioa, hauxe da: EAJri bost axola zaio zer gertatzen zaien nekazariei eta bost axola zaio Erralde Hiltegia. Ez dauka hiltegiaren kudeaketa bere eskuan, ez dago bere betiko lagunik enpresa horretan sartuta eta ez dauka inolako irabazirik, beraz, ez dauka interesik.

Aburto ahaldun jaunak komunikabideen aurrean onartu egin du BECek zuloa egiten jarraitzen duela, eta hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu behar duela azpiegitura hori, bizkaitarrentzat ona delako. Ez dugu guk esango BEC ez denik bizkaitarrentzat ona, baina Bizkaian zenbat okela jaten da? Ez ote da bizkaitarrontzat beharrezkoa okela hori bertokoa eta kalitatezkoa izatea?

Erralde ona da Bizkairako, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio diru laguntzarik ematen. Oraintsu arte zabalik egon den, Bilboko Zorrotzako makro hiltegiari dirutza eman zion bere garaian Aldundiak. EAJ eskualdeetako hiltegiak ixten hasi ze- nean, Zorrotzako hiltegi erraldoia EAJren seme kuttun izendatu zuten nolabait, baina kudeaketa ilunegia izan zuen hiltegiak, eta azkenean, itxi egin zuten. Ez dakiguna da zenbat milioi euro eman zituen Bizkaiko Foru Aldundiak itxi ez zedin. Badakigu milioiak izan zirela, baina ez dakigu zenbat.

Bizkaiko Batzar Nagusietan 2012ko aurrekontuak eztabaidatu zirenean, Bilduren emendakinetako bat Erralderi diru laguntza eman beharra izan zen. PSOE horren alde agertu zen, eta PP abstenitu egin zen: EAJk ezezko borobila eman zuen.

Baserritarrak izan ziren Durangoko hiltegia berriro ere martxan jartzea erabaki zutenak, eta horretarako udalekin hitz egin zuten. Hainbat udalek osatutako mankomunitatea da Erralderen sostengu nagusia, eta EAJk oztopoak jarri dizkio behin eta berriz. Orain egoera larrian dago hiltegia, eta betirako itxita geratu daiteke. Berria eraikitzeko berriz, urte bi itxaron beharko dira. Espero dugu, halako batean, EAJk benetan bere lurra zaintzen duten nekazarien aldeko pausoren bat ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo