GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Cerro Torre Bigarren kapitulua

Hirugarrenean, David Lamak «Maestri» era askean eskalatu du

Bi eguneko eskaladan, gazte austriarrak Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza era librean igotzea lortu du, Peter Ortner sokakide zuela. Kennedy eta Krukek iltzeak kendu ostean, «headwall»-a era garbian igo behar izan zuen. Sokadak hainbat aldaera egin zituen.

p042_f01_250x165.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Pasa den asteko kronikan aipatu genizuen Cerro Torre «garai berri batean» sartu dela. Izan ere, Hayden Kennedy eta Jason Kruk eskalatzaileek «Maestri» bidea edo hego-ekialdeko ertza «estilo onean» eskalatu zuten eta marra horretako ehundik gora iltze kendu zituzten.

Horixe zen denboraldi honetan «Maestri» bideak jasotako lehen kapitulua. Bigarrena, berriz, gaurko lerrootan azalduko dugu. Kennedy eta Krukek eskalada eta ekintza egin eta segituan (hots, urtarrilaren 2o eta 21ean), David Lama eta Peter Ortner gazteek «Maestri»-ren bigarren kapitulua idatzi zuten. Beste era batera esanda, austriar hauek marra historiko hori era askean igotzea erdietsi zuten.

Xede horren bultzatzaile nagusia Lama bera izan da. Eta hirugarren saioan izan bada ere, korapiloa askatzea lortu du azkenean. Hirugarrenean diogu, Lamaren proiektuak hiru urte edo denboraldi behar izan dituelako. Hiru urte oso gorabeheratsuak, eta polemikaren zurrunbiloan itota egon direnak. Bai, bere lehen saioa 2010ean izan zen, eta austriarra 1.200 metroko bide horretan oso era bitxian aurkeztu zen. Izan ere, gazte horrek alboan filmazio talde bat izan zuen. Lamaren eskalada era seguru batean filmatzeko 60 bat parabolt jarri zituzten. Hori ikusita, El Chaltenen zeuden hainbat eta hainbat alpinista kritiko azaldu ziren.

Azkenean, nahiz eta gailurrera igo, gazteak ezin izan zuen bere helburua bete. Iaz, bigarren saioa egin zuen. Eta eguraldi txarrarengatik, berriro ere esku hutsik itzuli zen etxera. Aurtengo denboraldian, berriz, Cerro Torreren historian beste orri garrantzitsu bat idatzi du, «Maestri» bidea era librean eskalatu ondoren.

Helburu hori lortu ahal izateko, austriarrak azaldu du bi eitek berebiziko garrantzia izan dutela: «Hego-ekialdeko ertza era librean igotzeko lehen giltza Peterrek eta biok egin dugun entrenamendua izan da. Pasa den urte osoan asko eskalatu dugu elkarrekin; batez ere, Alpeetan. Makina bat pareta alpino egin genituen, eta Patagoniara heldu aurretik, oso sasoiko geunden. Duela bi urte ez nuen prestaketa egokirik egin, eta hori azken emaitzan nabaritu zen. Peter eta biok oso sasoiko egoteaz gain, oso taktika ona erabili dugu. Bigarren giltza eguraldia izan da. Bero egiteaz gain, pareta oso lehor zegoen, eta horrek asko lagundu digu. Headwall-a ez dut inoiz ikusi hain baldintza onetan».

Hainbat aldaera

Ortnerrek eta Lamak osatutako sokadak estilo alpinoan eskalatu nahi zuenez, materialaren aldetik oso arin joan ziren. Ohiko hurbilketa bidea egin ondoren, benetako saltsan sartu ziren. Lehen gaua edo bibaka «Pazientzia» izeneko lepoan egin zuten. Lehen helburua «bolt traverse» edo burilen zeharkaldira ahalik eta azkarren heltzea zen.

«Oso baldintza onak zeudenez, `Maestri'-ren zeharkaldi famatu horretara hiru ordutan iritsi ginen. Den-denok aitortzen dugu ezinezkoa dela zeharkaldi hori era librean eskalatzea; izan ere, granitoa oso leuna da eta heldulekurik ez dago. Hori dela eta, ezkerrera aldaera bat egin behar izan genuen. 20 metro zuzen egin nituen, eta Ermanno Salvaterrak 1999. urtean eginiko saioaren bi parabolt aurkitu nituen. Jarraitu, eta sabai batekin egin nuen topo. Tarte hori oso arriskutsua zen. Eroriko bat izan nuen, baina ondoren luze hori kateatu nuen», dio Lamak.

Beste luze batzuk eskalatu zituzten, ez hain zailak, eta sokada «Izotz Dorreetara» heldu zen. Eskalatzaileak pozik zeuden zeramaten erritmoarekin, eta ordutegi egokiari esker, erlaitz txiki bat egokitu eta hantxe igaro zuten gaua. Goizeko seietarako martxan ziren, eta izotz dorre horiek eskalatu zituzten, arazo larriegirik gabe.

Headwallaren sarreran ziren: «Lehen luzea ez zen zaila; arriskutsua bai, ordea. `Maestri'-ren marra jarraitu nahi genuen, baina iltzeak kendu zituztenez, beste irtenbide batzuk bilatu behar izan genituen. Azken luzea benetan gogorra eta exigentea izan zen. Zailtasun handiak izan nituen tarte hori ondo aseguratzeko. Une batean, jarritako azken friendetik 20 metrora nengoen. Oso kontzentratuta nengoen, eta ezin nuen erorikorik izan. Azkenean, egoera larri hori gainditzeko gai izan nintzen. Izotzeko perretxikoak eskalatu ondoren, tontorrean ginen. Nire hirugarren aldia izan da gailurrean».

david lama

Austriarrak hiru urte behar izan ditu Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza era librean eskalatzeko. Peter Ortner sokakide izan du.

David Lamaren iritzi eta hausnarketak

Austriarrak hiru denboraldi behar izan ditu “Maestri” bidea era librean eskalatu ahal izateko. Eta, gainera, aurten “ezusteko” batekin egin zuen topo; hots, Kenedyk eta Krukek headwall-ean iltzeak kendu izana. Hala ere, “oztopo” horri irtenbidea bilatu zion, eta hirugarren saioa, era alpinoan egina, borobila atera zitzaion.

ABENTURA

«Inolako zalantzarik gabe, Cerro Torreko hego-ekialdeko ertz hau era librean eskalatzea inoiz izan dudan esperientziarik aberatsena izan da. Oso harro nago eginiko lanarekin, eta batez ere eskalada osoa era garbian egin dudalako. Ez dut parabolt bat bera ere sartu, eta uste dut hori oso garrantzitsua eta azpimarratzekoa dela. Azken bi urteotako saioetan asko ikasi nuen, eta Cerro Torre eskalatzea gauza handia izan da. Amets bat egia bihurtu da, ezin dut gehiago eskatu».

CERRO TORRE

«2008. urtea zen. Txileko Cochamo bailaran hainbat lagunekin eskalatzen ari nintzen. Aldizkari bat iritsi zen nire eskuetara. Zaharra eta zimurtua. Bat-batean, Cerro Torreren goiko murrua edo headwall-aren irudi bat ikusi nuen. Urte batzuk lehenago, Cerro Torreren hainbat argazki ikusi nituen, baina aldizkari horretan topo egin nuena berezia izan zen; besteak beste, lehen aldiz headwalla eta eskalatzen den marra ikusi nuelako. Marra logiko bat murru ikusgarri batean. Hura eskalatzeko gogoa piztu zitzaidan, eta era askean igotzeko marra iruditu zitzaidan. Ordutik, xede hori nirekin izan da, eta bi urte beranduago lehen saioan murgildu nintzen».

ERA ALPINOAN

«Hego-ekialdeko ertza era alpinoan eskalatu dugu. Lepotik gailurrera 24 orduko jarduna izan zen. Oso arin joan ginen: bi soka, friend sorta bat eta erdi, bederatzi fisurero edo arteka-trabagailu, izotzerako lau torloju, bi iltze, lau espres eta bost zinta. Horretaz gain, bi lo-zaku arin, isotzaile txiki bat, su txiki bat, gas kartutxo bat eta pare bat barra energetiko. Badirudi asko dela, baina, ez, oso gutxi eraman genuen».

«HEADWALL»

«Goiko murruan, `Maestri' bidearen lehen hiru luzeak eskalatu genituen. Ondoren, komeriak iritsi ziren, Kennedyk eta Krukek iltzeak kendu zituztelako. Hain zuzen ere, gu hara iritsi baino bi egun lehenago kendu zituzten. Sokada horrek izan zuen jarrera ez zait batere gustatu, eta argi daukat tarte horretan egin nuen esfortzua askoz ere handiagoa izan zela. Batez ere, buruak lan handia egin behar izan zuen. Aseguratzeko leku kaskarrak bilatu nituen, eta seguru batetik bestera zegoen tartea oso handia zen. Arrisku handiak hartu nituen».

8A INGURUAN

«Luze gogorrena Salvaterraren artesiaren ezkerrera egin nuen luzea izan zen. Uste dut 8a edo gogorragoa izan daitekeela. Egunen batean beste batzuk saiatuko dira, eta iritzia emango dute. Hala ere, Cerro Torre eskalatzea zailtasun horiek baino haratago doa. Aipatu dudan luze hori oso gogorra da; bai, baina bide osoa eskalatzea zailtasunaren gainetik dago. Erpin hori eskalatzea beste kontu bat da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo