Surflari ernegatua
«Surfing is not a Crime»
Rex Michigango lakuan sartu zen surf egitera. Dardarka uretatik atera ostean, polizia gerturatu, eta atxilo eraman zuten, debekatuta zegoen leku batean surf egitea egotzita. Orain artean izan den olaturik handiena sortu da Michigango lakuan, «Surfing is not a Crime» leloa goiburu duen mugimendua, non eta Chicagon, itsasorik ere ez duen hirian.
Neguan surf egiteak baditu bere alde onak, jende gutxiago izan ohi da uretan, olatuak indartsuagoak dira eta itsaskiak ere maizago gerturatu ohi dira itsasertzeko lurmutur eta kostaldeak astintzera.
Neguak ere baditu alde txarrak, ordea: hotza eta haizea, neopreno lodiekin surf egitera behartzen gaituzten bi osagai ahantzezinak. Nire lagun batek dioen moduan, neoprenoarekin egiten dena beste zerbait da, beste surf mota bat da, beste modalitate bat.
Olatuak txikiak direnean eta haizeak uhin lerroak nahasten dituenean ez dago itsasoratzeko arrazoi sendorik. Forman egoteko sar gaitezke halako egunetan uretara edo, aspaldi olaturik izan ez bada, apur bat gogoa baretzeko ere bai, baina halakoetan, hobe da surf ez beste edozer gauza egitea. Hori, tarteka olatu onak ditugun lekuetan noski.
Pasa den urtarrilaren 17an Rex Flodstrom, Chicagoko surflaria, Michigango lakuan sartu zen surf egitera. Bai uraren tenperatura, bai kanpoko tenperatura oso hotzak diren inguru haietan ia ez da olaturik, baina haizeteak oso indartsuak izan ohi dira, eta horri esker, olatuak zertxobait altxa daitezke. Gurean egun tamalgarri bat litzatekeena, Rexentzat egun on bat da, beraz.
Saioa amaitu eta lehorreratu zenean, arropa urdinez jantzitako gizonezko batekin egin zuen topo. Gizon hura polizia zen eta atxilo eraman zuen surflaria, taula, neopreno eta guzti. Debekaturiko hondartza batean surf egiteaz gain, konderriko beste hiru ordenantza ez betetzea egotzi zioten surflariari.
Aferak hautsak harrotu zituen, Rex giltzapean zen bitartean, bere alde, irrati eta sare sozialen bidez, inoiz Michigan lakuan izan den olaturik handiena sortzen ari zen. Rex ziegatik ateratzera joan zen abokatua ere oso famatua da, antzerako kasuak bere egiten dituen filmetako abokatu xelebre horietako bat omen da.
Rex komisariatik atera zenetik, jendeak heroitzat dauka eta bere telefono mugikorra hainbeste deirekin su hartu beharrean dela dio. Irrati tertulietan parte hartzera gonbidatzen dute eta jarraitzaile andana ditu Facebooken.
«Surfing is not a Crime» dioen mugimendu bat sortu da, Chicago hirian eskubide zibil eta politikoen alde lan egiteagatik ezagun diren militante famatuak buru dituena. Surfa beraz, ez da delitua; horixe da, hain zuzen ere, antza hainbeste jende mugiarazi duen pankarten goiburua. Non eta Chicagon, itsasorik ez duen ingurune hotz hartan.
Aurrerantzean, gauzak nola dauden ikusita eta Ameriketako Estatu Batuak gurean eredu ditugula ikusita, norbaitek zer-nolako olatuak dauden edo uretara sartzeak merezi duen galdetzen badigu, zer erantzun behar diogu? Nik badaezpada, «Ez dakit, ez dut ezer ikusi» erantzungo nuke.