GARA > Idatzia > Kultura

«Seigarren kontinentea» lurpetik atera zen Kobazuloen Egunean

Era guztietako mugen ondorioz lur gainean lortzeko zaila dena lur azpian dagoeneko martxan dago. Mugarik Gabeko Lurpea sarea osatzen duten kobazuloek jaiegun bateratua ospatu zuten atzo.
p051_f02.jpg

A.E. | DONOSTIA

Zugarramurdiko Sorginen Leizea, Urdazubiko kobazuloa, Sarako leizea, Lekunberriko Mendukilo, Karrantzako Pozalagua eta Kobenkoba, Oñatiko Arrikrutz eta Zestoako Ekainberri. Horiek guztiek osatzen dute Mugarik Gabeko Lurpea elkartea. Zenbaitek «Seigarren Kontinentea» deritzon hori ezagutaraztea du helburu, gure lurpeak eskaintzen dituen altxor natural eta kulturalak jendearen eskura jarriz.

Martxoko lehen igandean, zortzi kobazulo turistiko hauek euren indarrak batzen dituzte eta, hori dela eta, atzo Kobazuloen Egunaren III. edizioa ospatzeko hainbat ekintza antolatu zituzten, nahiz eta eguraldiaren laguntzarik ez izan. Iragarpenek euri kontua aipatzeak agian bisitariak «kikildu» egin zituen, beste urte batzuetan baino gutxiago gerturatu baitziren.

Atzo, ospakizuna aitzakia, bisitariek leize guztietan sarrera prezio erdian izan zuten, bai eta zozketa berezi batean parte hartzeko aukera ere. Saria: Sarako Picassaria hotelean bi gau eta gosaria.

Ekainberriko erreplika ikusgarrian, gainera, egunean zehar hainbat erakustaldi izan ziren -sua nola egin, ehiza, margoak...-. Urdazubira hurbildu zirenek, bestalde, «ezustea» izan zuten: Nafarroako grabaturik zaharrenak, 13.000 urtetik gorakoak, ikusi ahal izan zituzten Alkerdi kobazuloan. Urtean zehar leize hau itxita egoten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo