GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surf dokumentalak Surfaren ikuspegi anitzak azaltzeko modu desberdinak

Egun milaka dira surf irudiekin argitaratzen diren aldizkari eta ikus-entzunezko dokumentalak, eta beraz, arrakasta izatea zaila da; ohiko olatu bikainen irudiak erakustea ez da aski, ikusleak bere buruarekin identifikatuko duen mundu ikuskera bat irudikatu behar da.

p046_f01_98x97.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Musika, irudiak eta batez ere, gidoi on bat behar dira surfeko film edo dokumental eder bat egiteko. Milaka dira irudi onak biltzen dituzten surf filmak, baina hori ez da nahikoa.

Batetik, musikarekin asmatu behar da, irudiekin bat egingo duen musika aukeratu eta bi osagaiak ongi bateratu behar dira. Irudiek, ezinbestean, musikaren erritmo aldaketekin bat egin behar dute.

Horrez gain, filmak ona izateko beste osagai bat ere izan behar du; istorio bat. Alegia, zerbait kontatu behar du. Beraz, ez da hain erraza surf dokumental edo film bat egitea, oso gutxi dira arrakasta izaten dutenak.

Hona hemen ikuspegi desberdinak azaltzen dituzten zenbait surf dokumental gomendagarri, istorio desberdinak irudikatzeko eredugarri izan diren zenbait surf dokumentalen izenak.

Filthy Habits

Billabongek «Filthy Habits» (ohitura lizunak) surf filma 1988an argitaratu zuen eta sekulako arrakasta izan zuen. Surf dokumental gehienen antzera, hau ere marka izen batek argitaratu zuen, baina ikusleengan eragin handia izan zuen nortasun mota bat irudikatzen asmatu zuen.

Surf egiteko modua, estiloa, pixkanaka garrantzia galtzen hasi zen garai batean argitaratu zuten filma, hain zuzen ere, kontrako zentzuan, estiloa eta nortasuna uztartzeko asmoz, eta nahi bezalako emaitza lortu zutela esan daiteke.

Agian txapelketetan emaitza onik ez izan arren, ikusleen artean arrakasta handia zuten surflariak biltzen ditu filmak, Occy, Ronie Burns, Jason Butonshaw, Matt Branson eta antzeko surflariak.

Rock musika asaldatzailea lotsarik gabe jarrita eta abiadura motelean erakusten diren surf irudiak nahasketa ezin hobea dira. Inork hitzik esan gabe, surfa ulertu eta bizitzeko modu bat erakustea lortzen duen filma da. Surflariak, beren izaera, surf egiteko moduaren bidez erakustea lortu zuen filma dela esan daiteke. Dudarik gabe, 90eko hamarkadan surflariengan eragin handia izan zuen dokumentala da.

Sipping Jetstream

2006an argitaratu zen surf dokumental honek ez du ia hitzik, argazkiak, lekuak eta lekutarrak dira protagonista nagusi. Hori guztia, lekuan lekuko musikarekin oso ongi uztartuta.

Surfa maite ez duen jendearentzat ere film interesgarria da. Maroko, Hong Kong, Egipto, Venezia, Barbados uhartea, Kuba eta Indonesiako irudi zoragarriak erakusten ditu film honek.

Leku bakoitzean bertako jendearen kultura erakusten saiatzen dira egileak, eta bertakoen aurpegi eta begirada anitz ikus daitezke, bertako olatuetan surf egiten ari diren surflariekin eta oso ongi aukeratutako musikarekin bikain uztartuta.

Gainera, aukeratutako lekuak oso bitxiak dira, kulturalki oso aberatsak, nahiz eta kasu batzuetan olatuak eskasak izan ohi diren lekuak izan.

Blue Horizon

Jack McCoy film egileak, bi surflari ardatz hartuta egindako dokumentala da. 2004an argitaratu zen film honek ere arrakasta itzela izan zuen. Batetik, oinarrizko osagaiak, musika eta irudiak, oso ongi uztartu zituelako, eta bestetik, kontatzen duen istorioa ere interesgarria delako.

Dave Rastovich Rasta, surflari «librea» da, txapelketetan parte hartzen ez duen arren, markek surf irudiak hartzeagatik ordaintzen diote. Beste pertsonaia nagusia, Andy Irons, lehiakide amorratua da. Dokumental honek bi surflarien bizimoduak eta mundu ikuskera alderatzen ditu.

Surfing Favela

Brasilen, Rio de Janeiroko auzo txiroenetan gaztetxoenek surf egiteko dituzten gogo eta zailtasunak erakusten dituen dokumental interesgarria da.

Indarkeria, drogak eta pobrezia nagusi diren ingurune batean, jendea egunerokotasun gogorra alde batera utzita bestelako ekimenak egiten saiatzen da. Surfa bitarteko polita da kirola eginaz egoera latzari aurre egiteko. Baliabideak urriak dira, ordea.

Dokumental honek, surfa ardatz hartuta, Brasilen, auzo txiroenetan nola bizi diren, zer pentsatzen duten, nolako ametsak dituzten, zer-nolako arazoak dituzten eta bertakoek egunerokoari nola egiten dioten aurre erakusten du.

Aipatu dokumentalak oso ezagunak dira; beste asko ere aipatu daiteke, baina honako hauek gutxienez ideia desberdinak irudikatzen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo