GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Beste finalak Zilarrezkoa eta gazteak

Jauregik eta Zubiagak uste baino askoz ere errazago eskuratu zuten txapela

p038_f02.jpg

J.L.

Jauregik eta Zubiagak eskuratu zuten Zilarrezko Mailako txapela, eta alde nabarmena aterata, gainera, Mugertza III.ari eta Larrañagari. Proba bakarra irabazi zuten gipuzkoarrek, erlojuaren kontrakoa hain zuzen, gainerako proba guztietan arabarrak gailendu baitziren.

Jauregik eta Zubiagak erabateko nagusitasuna erakutsi zuten. Iraupen probarako bazegoen zalantzaren bat, gipuzkoarrak orain arte oso ongi aritu direlako, baina hor ere arabarrak hobeak izan ziren. Bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozten 10 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten txapeldunek, eta 11.06, gipuzkoarrek. Denera, 16.48ko denbora egin zuten Jauregik eta Zubiagak eta 19.33, berriz, Mugertzak eta Larrañagak.

Emozioa

Jokatu ziren hiru finaletatik politena eta ederrena gazteen mailakoa izan zen, amaieran segundo bakar batek erabaki baitzuen auzia. Lan ezberdinak egin ostean horrelako oreka izatea oso zaila izaten da. Amaieran Eneko Saralegik eta Larrea III.ak lortu zuten txapela. Lau lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta estreinako hirurak irabazi zituzten. Iraupen probara 18 segundo aurretik joan ziren, eta azkeneko proban hiru kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Hor Eneko Otaño eta Etxeberria II.a gailendu ziren, baina 17 segundogatik irabazi zuten, eta ez zen txapela lortzeko nahikoa izan. 13.17 izan zen Saralegiren eta Larrea III.aren amaierako denbora eta 13.18, berriz, Otañorena eta Etxeberriarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo