GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Iraupen probak erabaki zuen auzia

Unai Otañok eta Joseba Otaegik denbora asko galdu zuten zutikako lanean, baina gero horri buelta emateko gai izan ziren.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Unai Otañok eta Joseba Otaegik aurreikuspenak bete zituzten eta Urrezko Aizkora irabazi zuten, nahiz eta lan dezente egin behar izan zuten, batez ere zutikakoan oso gaizki aritu ostean. Hala ere, horri buelta ematea lortu zuten.

Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Arrospidek eta Mugertzak irabazi zuten. 33 kolpe emanda erdibitu zuten, eta baten aldea kendu zieten aurkariei. Bigarren lanean, erlojuaren aurka bi 45 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta Leaburukoak eta Mutrikukoak aldea gehitu zuten. 1.20ko denbora egin zuten, eta beste lau segundoko tartea zabaldu ahal izan zuten.

Otaegik eta Otañok oso lan txarra egin zuten zutikako proban, eta ia txapela lortzeko aukerarik gabe geratu ziren. Txanda librean 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Arrospidek eta Mugertza II.ak 2 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten, eta 3.25 izan zen gero txapela jantzi zuen bikotearen denbora.

Horrekin gauzak ikaragarri okertu zitzaizkien Ibarrakoari eta Zizurkilgoari, baina gero buelta emateko gai izan ziren. Horren ondoren, bi 60 ontzako moztu behar izan zituen bikote bakoitzak, eta hor txapeldunak nagusitu ziren. 4.25 egin zuten, eta hamaika segundoan murriztu zuten aurka zuten aldea. Jarraian, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bat zutik jarrita eta bestea etzanda jarrita. Otañok eta Otaegik 2 minutu eta 5 segundoan bota zituzten enborrak, eta hamasei segundo gehiago murriztu ahal izan zuten denbora.

Amaitzeko, lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten. Otaegik eta Otañok 15 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten lan hori burutzeko, eta 18.07, berriz, Arrospidek eta Mugertza II.ak. Lan guztiak amaitzeko, 27 minutu eta 48 behar izan zituzten Otañok eta Otaegik, eta 29 minutu eta 34 segundo, berriz, Arrospidek eta Mugertzak.

Amaieran, Otaño eta Otaegi pozez gainezka zeuden, lehen aldiz irabazi baitzuten maila nagusiko Urrezko Aizkora. «Ez gara gaizki hasi, baina zutikako lanean ezin okerrago egin dugu lana. Horrek apur bat kezkatu gaitu, denbora asko galdu dugulako, baina bagenekien iraupen proban zerbait egin genezakeela, eta horrela egin, eta amaieran txapela jantzi ahal izan dugu», esan zuen Unai Otañok. «Honek sekulako ilusioa ematen dit. Otaño eta biok aspaldiko lagunak gara, eta berarekin txapela lortzeak sekulako ilusioa ematen dit. Nahiz eta zutikakoan oso gaizki aritu garen, nik ez dut inoiz itxaropenik galdu, eta amaieran txapela lortu dugu», gaineratu zuen Joseba Otaegik saioaren amaieran.

Bigarrena

Anjel Arrospidek eta Ugaitz Mugertzak bigarren urtez jarraian jokatu zuten finala, baina atzokoan ere ez zuten irabaztea lortu, nahiz eta minutu bat pasako aldea izan zuten beraien alde.

Olasagasti eta Zaldua apiril amaieran neurtuko dira Tolosan

Joxemari Olasagastik eta Xabier Zalduak lortu dute ados jartzea, eta apirilaren 22an neurtuko dituzte indarrak Tolosako zezen-plazan.

Igeldokoak joan den astean bota zion desafioa Zumarragakoari. Herenegun gauean elkarrekin batu zirenean ez zen aparteko arazorik izan, eta apustua sinatuta atera ziren Kantabriko tabernatik.

Olasagastik 22 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta biren abantaila emango dio Zalduari, honek 20 moztu beharko baititu. Arazoak enborrak nork eraman erabakitzeko garaian agertu ziren, bi eraman nahi zituelako Olasagastik, baina azkenean egur guztiak Xabier Zalduak plazaratuko ditu.

Bakoitzak 6.000 euro izango ditu jokoan, eta apustua 12.00etatik aurrera jokatuko da. Hauxe izango da aurtengo bigarren apustua. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo