GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | 23. Lilatoi lasterketa

Abiadura desberdinak baina helmuga bera, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian

Asteburuak makina bat mobilizazio ekarri ditu. Horietako bi Leitzako Topaketa Feministak eta atzo Donostian egin zen Lilatoia izan dira. Biek ere aurreikuspen guztiak gainditzea lortu zuten. Izan ere, martxoaren 8ko egunaren atarian, «bide luzeko lasterketa» honek osasuntsu eta indarrez beteta jarraitzen du.

p012_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Donostiako kaleak morez margotu zituzten atzo emakumeek, beste behin ere, eta euripean izan bazen ere, inoiz baino parte hartzaile gehiago izan baitzituen Lilatoiaren 23. edizioak. Izan ere, 2.500eko kupoak gainezka egin zuen, urtetik urtera ekitaldi honetan parte hartzeko hautua egiten duten emakumeak gehiago direla erakutsiz.

Lilatoia desberdina da, lasterketa hutsetik harago baitoa. Ibilbide honek soilik lor dezakeen bezala, emakumeak korrika egiten zuten bitartean senide eta lagun mordoa batu ziren hesien beste aldean, txalo zaparrada artean beraienak defenditu eta guztiak animatzeko.

Datorren ostegunean, martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, milioika emakume aterako dira kalera euren ibilbide luzeko borroka defendatzera, eta atzo, abiadura desberdinak egon baziren ere, ostegunean han eta hemen entzungo diren erreibindikazioekin bat egin zuten. Diskriminazioa alor guztietan baitago, eta zer esanik ez kirolarien artean.

Hain justu, kirola eta emakumea uztartuz, Donostiako Udalak ikerketa bat aurkeztu berri du, «Emakume eta gizonen egoeraren diagnosia eta lan ildoak Donostiako kirol esparruan» izenburupean. Kirol esparruko maila guztietan emakumearen partaidetza areagotzeak zerikusia izan duen arren, oraindik ere kirola egiten hasteko aukerak eta baldintzak berdinak izatea oztopatzen duten zailtasun ugari daudela aipatzen da bertan.

Proiektu honen helburu nagusia Donostiako emakumeek egiten duten kirolaren errealitatea ezagutaraztea da, kirol arloko zailtasun eta oztopoak identifikatuz. Helburua lortzeko, kirol esparru ezberdinen gaineko azterketa egin dute genero ikuspegi batetik emakumeen eta gizonen egoera ezagutzeko.

Atzokoan, oztopo horiek saihestu eta, lagun artean, haur-kotxeetatik tiratuz edota pankarta eskuetan atera ziren adin guztietako emakumeak. Batzuei luze suertatu zitzaizkien aurretik zituzten bost kilometroak. Ibilbide guztiak ez baitira guztiontzat berdinak.

Lilatoi taldeak antolatzen duen lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago, taldean berotzeko aukera izan zuten parte hartzaileek Bulebarrean. Bertan hasi eta amaitu zen lasterketa.

Eguraldiak Lilaroller proban atera zirenei eman zizkien arazorik handienak, euripean eta patinekin parte hartzeak gauzak konplikatu egiten ditu eta. Horiek lasterketa ofiziala baino bost minutu lehenago ekin zioten bideari, 11.00etan. Zapatilak jantzita helmugara heltzen aurrena berriz, Eneritz Sein Agirregomezkorta pasaitarra izan zen. Atzetik sartu ziren gainontzeko 2.500 emakume inguru. Eskuak gora altxata asko, helburuak beteta.

Leitza ere more

Donostian ez ezik, Leitzan ere lasterketa propioa egin zuten, hiru egunen ostean, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako topaketen bosgarren edizioak atzo eman baitzituen azken pausoak. «Indenpendentzia dugu bidea, eta helburua: Euskal Herria feminista» izenburupean, Bilguneko hiru kidek hartu zuten hitza, Amaia Andreuk, Izaskun Guarrotxenak eta Miren Arangurenek. Helburua, etorkizunera begira Euskal Herri feminista eraikitzeko estrategia finkatzea.

Krisi garaian egon arren, mugimendu feminista ez dagoela afera horretan eta indar kolektibo eta indibidualarekin jarraitu beharra dagoela eman zuten aditzera atzo goizean. Horretarako adostutako aliantza feminista baten beharra ikusten dute, baita mugimendu feministatik kanpo daudenen parte hartzearen beharra ere.

Beharbada, eguneko momentu hunkigarrienak eguerdian egin zuten itxialdi ekitaldikoak izan ziren. Hamar urteko ibilbidearen inguruko bideo bat erakutsi zuten eta dantzaz eta poesiaz osatutako ikuskizun ederra ikusi zen oholtza gainean.

Amaitzeko, Miren Arangurenek eta Saioa Iraolak hartu zuten hitza. Topaketen balantzea egin eta Leitzan bizitakoak posible egin dituzten lagun eta herritarrei eskerrak emanez hasi zuten hitzaldia. Orain hamaika urte Bilgune Feminista sortzeko konpromiso adoretsua hartu zutenei ere aipamen berezia egin zieten, Leitzan egun hauetan bizitakoa eurei esker izan dela esanez.

Ezin ahaztu, hamar urteren buruan topaketetako partaide kopurua bikoiztea lortu izana. Jakinarazi zutenez, 600 emakume inguru biltzea lortu zuten asteburuan, eta Arangurenek aipatu zuen hori dela borroka feminista bizirik eta osasuntsu dagoela erakusten duena, Euskal Herriaren eraikuntzarako ezinbestekotzat jota.

Eskerrak eman zizkien, halaber, nazioartetik herrira gerturatutakoei. Bilgune Feministak topaketoi jarritako helburuak guztiz gainditu dituztela esan zuten eta, beraz, lan estilo propioarekin feminismoan aritzeko erak sortzen jarraituko dutela.

Ondorioen artean aipatu zuten Euskal Herrian, gainerako munduko herrialdeetan bezala, gatazkarik gabeko agertoki baten bidean, topaketa feminista hauen ekarpena ezinbestekoa dela. Beraz, krisi ekonomikoaren aurrean alternatiba praktikoak lantzen hasteko pausoak emango dituztela esan zuten. Hala, hilaren 29an emakumeek esateko eta egiteko asko dutela eta kalean izango direla jakinarazi zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo