Xabier Gutierrez | Zornotza
Ilarak
Azkenaldian ilara asko ikusten dira. Gero eta jende gehiago dago ilaretan. Ilara batzuk tristeak dira, beste ilara batzuk, aldiz, tristeagoak. Tristeen artean, goizero Bilboko Indautxuko komisaldegian ikusten dugun ilara handia dago, etorkinena, euren egoera erregulatzeko paper madarikatuen bila itxaroten dabiltzanena. Paperik gabe ez al dira pertsonak? Ba al dakigu ze historia dagoen etorkin bakoitzaren atzean?
Beste ilara triste bat langabeen bulegoetan aurkitzen dugu, lana topatzeko esperantzarik gabe euren txandaren zain dagoen jendearena. Ilara hau beldurgarria da eta gaur egun edozein egon ahal da bertan, pobrezia ez delako txiroen gauza, pobrezia dagoeneko zabalduta dago gure gizartean, eta zuri ere tokatu ahal zaizu.
Udaletxeetako ongizate zerbitzuetako ilara amaiezina da, zerbitzua gainezka dago, gero eta diru gutxiago dago, baina eskaera gehiago. Eta gainera, gobernuak traba gehiago jartzen ari dira edozein beharrezko laguntza jaso ahal izateko.
Baina badaude bestelako ilarak ere, adibidez, San Mamesen ikusten direnak, Athletic futbol taldearen leihatiletan. Han sarrera bat lortzeko egunak eta gauak pasatu ahal ditu jendeak. Eta hori gutxi izango balitz, prest daude diru piloa ordaintzeko sarrera baten truke. Niri neuri ilara hori ikustea penagarria iruditzen zait.
Beste ilara handi bat merkataritza zentro handietako kaxetan aurkitzen dugu, nork bere orga bete-betea duela, itxaroten, ordaintzeko prest.
Etsigarria da ikustea, zelan, aldi berean, auzoko denda betiko itxi duten.
Eta tristeena, orain dela egun batzuk neure herrian bertan ikusitakoa. Telepizzaren saltoki berrian ilara luze-luzea, pizza euro baten truke lortzeko.
Eta ilara horretakoek gogoratu beharko lukete jaten duguna garela, beraz, zabor janaria janez gero, zabor bilakatuko gara.
Zoritxarrez, hau dena aldatzeko, lehenengo ilaretan ez jausteko, borrokatzea besterik ez dago.
Gure eskubideen defentsan kalera irten behar dugu.
Bigarren ilaretatik, berriz, lehenbailehen irten behar dugu lurraren osasunagatik eta geure osasun fisiko eta psikologikoagatik.