GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Larri gaixoturik daudenen aurkako ankerkeria

Euskal presoei osasun asistentzia eta laguntza psikosoziala eskaintzen dien Jaiki Hadi Elkarteak atzo ezagutzera eman zuen txostenean, erantzun azkar bat espero -eta merezi- duten hamabost euskal presoren osasun egoera larrien berri eman zen. Minbiziak, bihotzeko eta buruko gaitzak eta, oro har, espetxean tratamendu egokia jasotzerik ez duten gaixotasunak aipatu ziren. Kasu gehienetan hogei urtetik gorako zigorrak eginda dituzte, Euskal Herritik urrunduta daude eta, edonondik begiratuta ere, ankerkeria galanta da egoera hauei konponketa zehatzak ez ematea. Inhumanoa eta ilegala den doako sufrimenduarekin trafikatzea besterik ez.

Larri gaixoturik dauden euskal presoen gaiak lehentasun osoa behar du, bai arreta publikoan baita konponbide orokor baten bidean urgentziaz konpondu beharreko afera gisa ere. Baldintza objektiboak mahai gainean daude: euskal jendearen gogoa; PP izan ezik -publikoki bederen-, gainerako alderdi guztien oniritzia, eta bitarteko legalak nahi ahala erabilgarri. Sentiberatasun minimo batek eta zentzu onak hori gauzatzea agintzen dute. Ez inoren garaipen edo inorekiko kontzesio legez, gatazkaren humanizaziorako urrats logiko eta legal gisara baizik. Posible da eta erabat desiragarria. Alderdiak eta herritarrak mugitzen badira, gai hori mugituko da. Kalean sendatuko dira, eta laster.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo