GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Benito

Baziren garai «errazagoak» non guztiak Laboa zaleak ala Benito zaleak ginen. Euskal musikarien itzala oraingoa baino dezentez handiagoa eta zorrotzagoa zen. Muturka aritzen ginen, baita musika kontuekin ere. Neure fitxa polizialean dago, lehen taldekoa izan naiz. Zalantza izpirik gabe. Baina, azken orduko konbertsoen moduan, ikastola garaiko oroitzapenak gaindituz, aitortu beharra daukat, orain, Benitoren zale ere bihurtu naizela. Benitozale bihurtu naiz, gaur egun egunkari baten lehen orria, bere heriotza ez den berriren batekin, bete dezakeen euskal musikari bakarretakoa delako, bakarra ez bada. Benitozale bihurtu naiz, musikaz eta musikaren sortze prozesuaz hitz egiten, zentzuzko gauzak esanez, gosaria interesgarriagoa egiten didalako. Benitozale bihurtu naiz Asiskoren Gartxot film hunkigarriaren soinu bandan parte hartu duelako. Bardo bat besta baten kantari. Nolanahi ere, Benito zalea bihurtu naiz, melenarik moztu ez duelako. Benitozalea naiz, bere ibilbideari fidel zaiolako, arrasto mamitsua utzi arren. Benitozalea naiz, jaurlaritzak ez diolako dominarik jarri, ez dutelako komunitate autonomoaren enbaxadore musikal izendatu. Benitozalea naiz, diskoak grabatu eta kaleratzeko grina, morala eta animoa duelako. Benitozalea, azkenean, euskarazko kantagintzaren ilunabarra dirudien honetan ederki lekutzen nauelako eta iparra ez galtzen laguntzen didalako. Askok pentsatuko duzue, erraza da orain Benito zalea izatea, bada ez dakit, gaur erraza den bakarra real- edo athletic- zalea izatea da. Eta Gipuzkoan bizi bazara, hondakinen birziklatze burutsuaren aurkako jarrerak agertzea. Hori bai erraza, eta ez kantari «beterano» baten zalea izatea. Galdetu bestela gure komunikabide gehienei.