Ardura etiko eta legalen talkez gogoeta egin du Iñaki Irasizabalek nobela beltz ezohiko batean
Guraso eta seme-alaben arteko harremana, bortxakeriaren eta moralaren erlazioa, komunikabideen manipulazio eta axalkeria... Gizarteko hainbat gai aztertzen ditu Iñaki Irasizabalek bere lan berrian.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Elkarren Ateko Bandan sailean argitaratutako azkeneko eleberria, Iñaki Irasizabalen «Orbe auziaren ingurukoak», irratsaio baten transkripzioarekin hasten da. Bertan, Joseba Orbe idazleak bere hurrengo liburua iragartzen du, gai mingarri bat azaleratzen duen lana: 74an ETAko kide bat desagertu egiten da. Sasoi istilutsuak dira eta alde batekoek eta bertzekoek errua elkarri leporatzen diote. ETAkoek polizia izan dela diote eta poliziek, aldiz, ETA bera. Gorpua agertzen ez denez, hor gelditzen da auzia, baina 30 urte geroago, kasualitate hutsez, topatu egiten dituzte hezurrak. Alkandora erdi usteldu bat ere azaltzen da, eta galtzerdiak... baina gerritik behera hildakoa biluzik dagoela konturatzen dira eta horrek bortxatu egin zutela pentsatzera eramaten ditu. Nork, ordea?
Argumentu latz hori aditzeak bazterrak harrotzen ditu; irratiko webgunetik deskarga pila bat egiten ari dira, bertze komunikabideek ere jaso dituzte idazlearen hitzak... Editoreak beldurtuta hots egiten dio Josebari eta, handik gutxira, gazte batzuek aizkoraz eta aiztoz akabatzen dute nobelagilea footing egiten ari dela.
Irasizabalen (Durango, 1969) aburuz, elkarren antz handiegia dute nobela beltzek eta horregatik, zerbait ezberdina egiten saiatu da, alboko istorioak kontatzen ahaleginduz erdikoa baino gehiago. Azkar-azkar irakurtzen den bere nobela beltzean, ardura etiko eta penalak ezberdinak direla erakusten du eta desberdintasun horietaz egiten du gogoeta. Baita gazteen eta helduen arteko lege tratamenduaren ezberdintasunez ere. Bidenabar, guraso eta seme-alaben arteko harremanak azaltzen ditu industrian lanean ari den idazleak.
«Gurasoek ez dakite zer debekatu, zer utzi... Harreman horiek oso literarioak iruditzen zaizkit», adierazi zuen atzoko aurkezpenean.
Tertulia atzerakoiei irri
«Letxe txarra beti da polita», eta bizi garen gizarte mediatikoaren isla ere bada liburua, parodia bat, Espainiako irrati-tertulia atzerakoiak eta telebista-saio arrosak «ezin litezkeelako bestela hartu». Bertze berezitasun bat Euskal Herriko pertsonaia eta egoerak azaltzea da, gertaerak Gernikako institutu batean, denok ezagutu ditzakegun eta egunero ikusten ditugun giroetan kokatzea.
«Atera nuen lehendabiziko liburua ETAko kide baten egunerokoa zen», oroitarazi zuen Irasizabalek. Bere ustez, euskalduna izanda eta nobela beltza idatzita naturala da borroka armatuaren gaia lantzea. «Ez da saihestu beharreko gaia, ezinezkoa da, gainera, saihestea. Baina beste gai batzuk ere badira». Aurreko nobela, «Igelak benetan hiltzen dira», neskato desagertu bati buruz egin zuen. «Burua txoriz beterik» (Agustin Zubikarai saria eskuratu zuen), «Gu bezalako heroiak» eta «Mendaroko txokolatea» ere (gehien saltzen ari dena) idatzi ditu.
Normalean, egoera batetik abiatu eta horren inguruan antolatzen ditu bahiketa, hilketa eta krimenak Iñaki Irasizabalek. Egunero komunikabideek ematen dituzten albisteak inspirazio iturri ditu. «Plagioa aberasgarria da... harrapatzen ez bazaituzte, noski», azaldu zuen erdi txantxetan. Eskema moduko bat izaten du, baina bukaera irekia egoten da, berak ere ez du jakiten, bertzela aspertu egiten delako eta, gainera, ez duelako nahi irakurleek jakiterik. Hala, denentzat luzatzen da intriga azken unera arte. M. I.