San Telmo museoa jazz esperimentalerako agertoki bihurtu da
Jazz giroa pizten ari da gutxinaka-gutxinaka eta jaialdiak ari dira forma hartzen. Heineken Jazzaldiak ikuskizun esperimental batzuk iragarri ditu, eta Getxoko talde lehiaketak jadanik baditu finalistak.GARA | DONOSTIA
Donostiako 47. Heineken Jazzaldia San Telmo museora mugituko da aurten hiru gauez. Izan ere, jaialdirako bakarrik sortutako hiru ikuskizun esperimental eskainiko dira museoko elizan.
Emanaldiak uztailaren 21ean, 22an eta 23an izango dira, euskaldun batek eta atzerriko batek elkarlanean sortuak. Gainera, esparruaren akustika berezia baliatuko dute.
Antolakuntzako iturriek atzo jakinarazi zutenez, «San Telmoko Gauak» izendatu dituzte ekitaldiak. Uztailaren 21ean Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux abeslari frantsesaren emanaldia izango da; hilaren 22an Oreka TX eta Håkon Kornstad saxofoi-jotzaile norvegiarrarena; eta 23an Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio harmonika-jotzaile frantsesaren txanda izango da.
Lehenengo bikotea, premisa beretik abiatuta, ahotsa bakarrik erabiltzea alegia, «toki desberdinetara» iristen diren bi musikari dira. Hainaux-ek arreta handiagoa jartzen dio ehundurari, soinuaren koloreari, keinu eta gorputz-mugimenduan oinarritzen den performance-a da berea. Hyperpotamus, ordea, doinuan jartzen du arreta osoa, egitura harmonikoan, abestian eta dantzan.
Hyperpotamus-ek eta Hainaux-ek indarrak batuko dituzte «emanaldi liluragarri eta apartekoa eskaintzeko». San Telmoko elizaren akustika berezia dela-eta egoerara egokitzeko eta gunea eskuratzeko ahalegina egin beharko dute: tokiak moldatuko du ikuskizuna.
Bestalde, Oreka TX taldeak berebiziko iraultza ekarri du txalapartaren mundura, Håkon Kornstadek saxofoiaren munduan egin duen bezala. Bien arteko bilerak «irudimen handiko kontzertu hausle eta erabat originala» utziko du.
Azkenik, Gonzalo Tejada euskal kontrabaxu-jotzaile nabarmenetako bat da. Ez da Heineken Jazzaldirako proiektu espezifiko bat egiten duen lehenen aldia, «Ziklo 1» eta «Ziklo 2» proiektuekin egin baitzuen lehenago ere. Olivier Ker Ouriori dagokionez, Europako eta munduko harmonika-jotzaile hoberenetakotzat jotzen dute, eta batzuen ustez, «Toots Thielemans musikariaren ondorengoa da». Errepertorioak era askotako konposizioak bilduko ditu, esaterako, J.S. Bach, Stevie Wonder, Joni Mitchell eta jazz estandarren bat, eta inprobisazioarentzat ere izango da nahikoa leku.
Getxoko taldeak prest
Bestetik, Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketako finalean parte hartuko duten taldeak dagoeneko hautatu dituzte. Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro jardungo du azken egunean.
Aurten 59 taldek hartu dute parte lehenengo fasean eta, horien guztien artean, honako lau hauek hautatu ditu epaimahaiak: Miroslav Hloucal Quartet (Txekiar Errepublikakoa), Piotr Pawlak Jazztet (austriarra), Tobias Meinhar Quintet (alemaniarra) eta Szwec & Wendt Quintet (poloniarra).