Gasteizko Udalak eta Arabako Bertsozale Elkarteak ituna berritu dute
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin orain artean izan duen hitzarmena berritu du, aurrekontua %20 murriztuta bada ere. «Pozik gaude ez delako programa bertan behera utzi beharrik izango, eta ez delako bertsolaritza Gasteizko programazio kulturaletik desagertuko; eta ez dugu inongo zalantzarik, elkartasuna eta euskalgintzaren ekimen bateratua izan direla egoera kezkagarri honi buelta emateko giltza», adierazi zuten atzo Arabako Bertsozale Elkartekoek.
Hitzarmena positiboa dela uste duten arren, beste arazo bat ere aipatu dute bidalitako oharrean. «Arabako Bertsozale Elkarteak, Euskharan kultur elkarteak eta euskalgintzako beste eragile batzuek Amaia Zentroan dute egoitza, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizaziorako Euskharan kultur elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du Udalak. Amaia Zentroa euskarazko topagune eta gizarte etxe erreferentzial bilakatu da azken urteotan, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizazioa euskalgintzaren esku mantentzea ezinbestekoa dela uste dugu».
«Adostasun politikoa berreskuratu behar da» dio oharrak, eta hori «lehenbailehen» egitera bultzatzen ditu udal ordezkariak.