Gerra eta bake irudiak, bertatik bertara bizi izan dutenen behatxulotik
33 argazki-kazetarik parte hartu dute «Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak» erakusketan, gerra eta bakea iradokitzen dizkieten bina argazki eskainiz. Martxoaren 23an inauguratuko da Gernikan.
Ane ARRUTI | BILBO
Gernika eta Bizkaiko beste hainbat herri bonbardatu zituztela 75 urte pasa direla gogoan hartuta, nazioarteko 33 argazki-kazetariren erakusketa da «Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak». Bakoitzari bi argazki aukeratzeko eskaera egin zaie, euren irudiko gerra eta bakea ordezkatzen dituztenak, hurrenez hurren. 66 argazki horiek osatuko dute martxoaren 23an Gernikan inauguratu eta ondoren Donostian, Eibarren, Bilbon eta Gasteizen izango den erakusketa, 2012 Euskadi Fundazioak antolatuta.
Parte hartu duten argazkilarietako bat azken World Press Photo saria irabazi duen Samuel Aranda izan da eta munduari bira eman dion Yemenen ateratako argazki horixe aukeratu du, hain zuzen, gerra irudikatzeko. Bertan, beltzez estalita dagoen Fatima amak zauritu berri duten Said semea besarkatzen du, meskita batean inprobisatutako ospitalean artatu aurretik. Lehen begiradan argazkiak ez du beste zenbaiten gordintasuna erakusten. «Horrelako egoeratan guztia dokumentatu behar da, baina gure lanik garrantzitsuena edizioa da. Ez dut uste egunero-egunero irakurlea egurtu behar denik baina ez da errealitatea ezkutatu behar ere. Hortxe dago gure lanaren balantza», adierazi zuen argazkilari kataluniarrak atzo Bilbon egindako aurkezpenean.
Distantzia hartu beharraz ere hitz egin zuen Arandak. «Gero eta beldur gehiago pasatzen duzu. Libian enboskada batean kide bat galdu genuen. Ez naiz lehen lerroko argazkilari kontsideratzen baina ez dut uste kasu batzuetan hain gertu egon beharra dagoenik ere».
Bakea irudikatzeko, berriz, Libanoko argazki bat aukeratu du. 2006an, gerra bukatu ostean, hezur eta azal baino ez den zaldi bat ageri da hiri batean sartzen, «gerraren aztarna ageri da, pasa duen gosea, baina baita itxaropena ere», azaldu zuen.
Hamabost herrialdetako argazkilariak elkartu ditu erakusketak: David Burnett, Don MacCullin, Enrique Meneses edo Patrick Chauvel, esaterako. Gasteizen ospatzen den Periscopio jaialdiko zuzendari den Paco Valderramak egin ditu komisario lanak eta bere esanetan, argazkilari gehienei zailagoa egin zaie bakea irudikatzen duten irudiak aukeratzea eta oso bide ezberdinetara jo dute: samurtasuna, irribarrea, satira...
Alvaro Ybarra argazkilari bilbotarrak ere parte hartu du erakusketan. Atzo ez zen aurkezpenean izan, momentu hauetan Siria inguruan dabilelako herrialdean sartu nahian, baina telefonoz jasotako adierazpenen bidez azaldu zituen berak aukeratutako irudiak. Gerra islatzeko, Kongon hartutako argazki gordin batean, soldadu bat ageri da, ahoan labana handi bat duela eta eskuetan «giza-trofeoak» erakutsiz. «Pertsonen aurpegi erradikal eta iraingarriena erakusten du», esan zuen.
Bakea islatzeko, Iraken, soldadu estatubatuar bati ateratako argazkia atera du, kaskoak jantzi eta musika entzuten etzanda dagoen bitartean.