Lander GARRO Idazlea
Zera hautsi zitzaidan eguna
Mendira joan eta zera horrek makiltxoak ote dituen ahaztu. Igerilekutik irtetean aurkituko dituzun galdutako bi, hiru, lau deiak erantzun behar ez izatea. Ingurukoek ez dezaten jakin uneoro non ezakutatu zaren, baldin eta, agian egun txarra izan duzulako, agian paseatu egin nahi zenuelako, ezkutatzeko deliberoa hartu baduzu. Denak hasiko dira zure peskizan, deiak gurutzatuko dituzte haien artean, sarea ehunduz joango dira, denek izango dute zure desaparizioaren berri amen batean, gauza txarrak pentsatuko dituzte zutaz, asesinatoa, suizidioa, bahiketa, infideltasuna. Baina ez zinen inon, zera itzaltzea erabaki zenuen, besterik ez, zera horretaz une batez sikiera ahanztearren. Duela hainbat egun hautsi egin zen. Uste nuen hantxe bertan seko hankaz gora amilduko nintzela boxeolari jipoituak bezala. Baina, seko hilko zarela uste duzunetan gertatzen den bezala, seko hilko ez nintzela konturatu orduko, halako zirrara batek heldu ninduen: libre nintzen! Gogor eutsi nion zerari, eta harrika bota nuen hormaren kontra; dena zen plastiko zati, milaka zatitan hautsitako kate baten antzekoa. Ikuskizun ederragorik. Esklabutzatik libratutako gizon-emakume guztiak oroitu nituen, Steve Biko, Camilo Cienfuegos, Emiliano Zapata, edo Rosa Parks, gizon zuriari eserlekua kendu zion emakume beltz ausart hura. Zer sentituko zuten burdinazko korapilo hartatik libratu ziren unean? Sentimendu handia izango zen, handiak direlako triste samarrak diren horien gisakoak, begiak urtzen dituztenak. Nirea ere halakoxea zen ba. Zera izandako mila zati haiek ikusi nituen, eta pentsatu nuen: maite banaute, bilatuko naute, maite ez banaute, pittin bat libreagoak izango dira haiek ere.