Lausanan erakutsiko dute kolonbiar herritarrek dutela bakearen giltza, ez Santos presidenteak
Gaur, Andres Pastrana kolonbiako presidentearen eta FARC gerrillaren arteko elkarrizketen porrotetik 10 urte igarota, bakearen eta gatazkaren konponbidearen aldeko nazioarteko topaketa hasiko da gaur Lausanan. Bertan, gatazkaren testuingurua aztertuko dute, batez ere FARCek bahiketak bertan behera uzteko erabakiak aldatu duena. Eta nabarmentzekoa da bilera hori gizarte zibilaren bultzada dela. Duela urtebete abiatu zen ekimena, langileen eta nekazarien erakundeek hasitako bileretatik eta eta lekualdatutakoen ekarpenetatik (gatazkaren ondorioz edo hark eragindako kausa ekonomiko zein sozialak direla-eta, Kolonbian bost milioitik gora lagunek alde egin behar izan zuten beren etxeetatik). Johnson Bastida Lausanako topaketaren antolatzaileetakoak GARAri esan dionez, FARCen konpromisoaren ondoren, Gobernuak ez du aitzakiarik elkarrizketari ez ekiteko. Izan ere, distentsio giroa sortzen ahalegintzeko baldintza egokiak daude. Eta gizarte mugimenduek argi utzi nahi dute bakearen giltza ez daukala Santos presidenteak, kolonbiar herriak baizik, horregatik uste dute haren mobilizazioa beharrezkoa dela. Lausanako topaketak norabide horretan lagundu beharko luke.