GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Euskaraz, erraietatik

Arrazionaltasunaren zantzurik inondik ere agertzen ez duten gaiak izan badira. Futbola, kasu. Talde bateko jarraitzaile batek, ia beti, bere koloreen arabera ikusten du jokaldia. Niri euskararekin berdin-berdin gertatzen zait: ez naiz arrazionala, erraiek esaten didatenak soilik balio dit.

Eta erraiak irauli egin zitzaizkidan duela astebete pasatxo, Errege Akademia Espainolekoak ikusi eta entzunda. Omenaldia egin zioten euskal hizkuntzari, «Euskarari gorazarre. El euskera, una lengua con futuro» jardunaldien baitan. «Txikia zara, polita, zaharra, bitxia... Maite zaitugu, babesten zaitugu». Neurri horretan jardun zuten mintzatu ziren guztiak. Hitz hutsalak, zuriak.

Eta iraingarriak. Iraina iruditzen zaidalako zenbait agintari politiko eta instituzional «euskaltzaletu-berri» lezioak ematen ikustea. Euskara «politikatik urruntzea beharrezkoa» dela, «inposizioa baztertu» behar dela, «garrantzitsuena euskaraz egitea» dela... Euskararik ez duena, euskaldunari zer, nola, noiz eta norekin egin behar duen esaka?

Begira nola aldatzen diren gauzak, hizkuntz eskubideen alorrean, Euskal Herria tartean ez denean: Valentziako Erkidegoko Legebiltzarrean PPko eledun Rafael Blascok, duela aste batzuk, «valentziera» bere alderdikide guztiek ezagutu eta erabili beharreko hizkuntza dela adierazi zuen, «betebeharra delako, ez bakarrik eskubidea». Hori inposizioa da, ala ez? Euskal Herrian bai eta Valentzian ez?

Ez dut esango Madrilgo akelarrean euskararekiko borondate onik ez zegoenik, ezta gutxiago ere. Baina ahalik eta ozenen bota nahi dut honakoa: han ziren batzuek Euskal Herriko hizkuntzari ez diote estimu txikienik ere; are gehiago, ziur naiz gorrotoa diotela eta, haien esku balego, desagerrarazi egingo luketela. Eta, horren jakitun izanagatik, haien ondoan euskarari «gorazarre egiteko» prest dagoenik bada oraindik.

Atzo bertan lankide batek galdera egin zuen erredakzioan: «Zer iruditzen zaizue PPko Kultura ministroak euskarazko abesti bat kantatzea?». Erraietatik erantzun nion: «Grazia putarik ez dit egiten». Politikoki okerra dela? Badut okerragorik: «Pulp Fiction» filmeko Otso Jaunaren esaldi gogoangarria apur bat moldatuta, «utz diezaiogun elkarri zakila zurrupatzeari» faborez, oraindik ez gaude-eta sexu harremanetarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo