GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Lasa, debut gorabeheratsu baten azken geltokia

Urretxuarrak etxean agurtuko du denetarik ekarri dion bere estreinako Binakako Txapelketa.

p044_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

David Merinok eta Jon Ander Albisuk azken urteetan egindakoaren ondoren erraza ematen duen arren, Binakako Txapelketa batean lehen aldiz jokatzea ez da batere erraza, are gutxiago, lehiak berezkoak dituen oztopoez harago, pilotari bati gerta dakizkion arazo gehienak batera etortzen bazaizkio. Gutxi gorabehera horixe izan da Aritz Lasa urretxuarrari gertatu zaiona, baina, arazoak arazo, txapelketari behar bezalako agurra eman nahi dio gaur bere jarraitzaileen aurrean, 2008. urteko txapeldunen aurkako partidan.

Bere estreinako Binakakoaren balantzea egiteko eskatuta, argiak ilunak baino gehiago izan dira, urretxuarraren iritziz. «Denetik egon da, ondo hasi ginen lehen partida Xala-Laskuraini irabazita, eta gero lehen itzulian ezin izan genuen partida gehiagorik irabazi. Ni ez nintzen nire onenean aurkitu, baina ez presioagatik; konfiantza falta handia izan nuen agian, baina gero uste dut txapelketan sartu naizela, partida onak egin ditut. Egia esanda, partida askotan oso ondo aurkitu naiz eta lehen txapelketa izanda, gustura egoteko moduan», azaldu zion GARAri.

Txapelketa hasiera zaila izan zuen aurrelariak, ia ezustean sartu baitzen Binakakora eta Sebastien Gonzalez kanpoan utzi izanak hautsak harrotu baitzituen. Halere, «horrek ez zidan eragin; hala izatekotan, lehen partidan nabaritu beharko nuen eta orduan oso ondo nengoen».

Hortik aurrera ere gorabeherak etengabeak izan dira. Bigarren partidatik aurrera, lehenengo bere jokoan beheraldi bat izan zuen, Titinen aurkako lehen partidan beldurrak hartuta bezala aritzeraino, eta egokitu zaizkion atzelariekin ere ez du zorte handirik izan. Aitor Zubietak, eskuetako arazoen erruz, sei jardunaldi baino ez zituen egin eta lehen atsedenaldi baten ostean itzuli zenean, Urretxun bertan, partida pilotari bultzaka amaitu zuen.

Pascual izan zen Etxarrikoaren lehen ordezkoa eta, justu Aimar Olaizola-Beroizen aurkako partidan, Abartzuzakoak ezin izan zuen lehia amaitu, bizkarraldeko minak jota. Gero, gaur alboan izango duen Peñagarikano izan zuen lagun eta Tolosan garaipen bikain bat lortu zuten Titin III.aren eta Merinoren aurkakoan.

Horren ondotik, bera izan zen, bikian min hartuta, bi astez geldi egon behar izan zuena, baina txapelketari etxean agur egiteko osatu da, nahiz eta aste hasieran nahikoa zalantza izan zituen. Oso zaila izango den arren, «Aimar sekula baino hobeto ari da tantoak amaitzen, eta orain arte partidarik galdu ez izana ere motibazioa da», Lasak badu gogoa txapelketa batean azkenaldian etxean lortu ez duen garaipen hori eskuratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo