GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako Plantoun auzo ekologikoa osoki eraistea erabaki du Udalak

Auzapezak barkamena eskatu zien atzo eraikin ekologikoetan hiru urtez baldintza txarretan bizi izan diren herritarrei, eta leku berean proiektu berri bat gauzatuko dutela jakinarazi zuen. Etxebizitzak ez dira ekologikoak izanen eta etxe gutxiago izango da auzoan.

Ainize BUTRON |

Jean Grenet Baionako auzapezak haserre agertu zen atzo, Plantoun auzoaren gaineko aferagatik. Bertako bizilagunei laguntzeko, auzoa osorik hondatu eta berri bat eraikiko duela jakinarazi zuen. 2009an auzo ekologiko berri horretako 35 etxebizitza sozialak zabaldu zizkieten bizilagunei.

Osoki egurrez, oihan bazterrean eta sistema ekologiko batekin eginak, aitzindaritzat emanak ziren. Izan ere, mota bereko beste laurehun bat proiektu gauzatu ziren garai berean Estatu frantsesean. Denbora joan ahala, eraikinetan hutsak agertzen hasi ziren, eta bertako bizilagunen haserrea eta oldartzea piztu zuen horrek.

Baionan etxebizitza sozialak kudeatzen dituen Etxebizitzaren Erakunde Publikoa da proiektuaren eramailea, eta auzia bideratua du gertatutakoaren errua nork duen argitzeko. «Bere kontzepzioan aurrerakoia zen proiektua, baina, eraikuntzan, berriz, menturazkoa», salatu zuen Grenetek.

Auziaren karietara aditu bat izendatua izan zen zer egiten ahal den argitzeko, eta txostena berriki kaleratu duela-eta, eraikinak suntsitu eta berreraikitzeko aholkua eman du. Auziaren emaitza itxaron gabe, Herriko Etxea eta Etxebizitzaren Erakunde Publikoa elkartu dira, eta auzo proiektu berri bat egiten hasi dira. «Epaileak seguruenik adituak gomendatutakoarekin bat eginen du. Auzian zehaztuko da nork ordainduko dituen kalte-ordainak, baina prozedura luzea izango denez, bitartean afera gure gain hartzea erabaki dugu», erran zuen Grenetek.

Hiru proposamen

Horretaz gain, bizilagunekin harremanak hobetzeko eta aterabide bat aurkitzeko, bi bitartekari izendatu zituen Udalak. Ondorioz, hiru proposamen egin dizkiete herritarrei. Auzotik joan nahi dutenei, Baionan etxebizitza berri bat izateko proposamena egin diete. Beste zati txiki batek ez du deus jakin nahi Baionarekin, eta Herriko Etxeak etxebizitza erosiko die. Gainerakoak hiru urte barru eraikiko den auzo proiektu berrian geratuko dira. Proiektua gauzatzen den heinean birlekutuko dituzte. Azken hautu hori auzoko bizilagun gehienek egina dutela argitu zuen auzapezak. Etxebizitza berriak ez dira ekologikoak izanen, eta auzoa ez da gaur egun bezain dentsoa izanen. «Oinarri sanoekin berrabiatu nahi dugu proiektua».

Izen berria

Baionako auzapezak Plantoun auzoarekin gertatutakoa ahantzi nahi duela azaldu zuen atzo, eta bizilagunei barkamena eskatu zien. Auzoari izen berria izanen duela erran zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo