GARA > Idatzia > Kultura

Jendez bete nahi dute bihar AtekaRock, Leitzako herrigunea sostengatzeko eta zabaltzeko

«Elkarlanetik jaio, musikatik eraiki!» leloarekin ospatuko dute bihar AtekaRock Leitzan. Kaotiko edo Governorsen kontzertuak izanen dira, Hip-hop Gaua, kalejira... Dena, Atekabeltz herrigunea garatzeko.

p049_f01.jpg

Maider IANTZI | LEITZA

Leitzako kiroldegian ospatuko da bihar AtekaRock jaialdiaren bigarren edizioa, musika talde arrakastatsuekin: Akatu, Kaotiko, Governors, Ze Esatek!, Tximeleta... Kiroldegi atariko karpan, DJ Bullek berotuko du giroa, eta gaztetxean ere egonen da zer ikusi eta aditu, Hip-hop Gaua antolatu baitute. 121 Krew, Goienetxe anaiak eta Raperos de Emaus etorriko dira. Arratsaldez hasiko da besta, 18.30ean herrian eginen den kalejirarekin, eta 20.00etan, ekitaldi nagusia izanen da kiroldegian. Beraz, arratsaldean bertan etortzera animatzen dute jendea antolatzaileek. Autobus bereziak jarriko dituzte Tolosaldetik eta Iruñerritik, eta pilotalekuan, akanpalekua.

Aldez aurretik, 14 euroan eskuratu daitezke sarrerak, eta egunean, 16 euroan. http://atekarock.blogspot.com atarian dago informazio guztia.

AtekaRock zuzenean lotuta dago Atekabeltz Leitzako herriaren eta herritarren gunearekin. Proiektu irekia da, euskal kultura eta kultur aniztasuna bultzatzeko, lekurik ez dutenek eta kulturan lan egiten dutenek espazio bat izateko, elkar ezagutzeko. Gero eta gehiago zabaldu nahi dute eta horretarako antolatu dute jaialdia, sostengu ekonomikoa lortzeko.

Azkeneko gauzak lotzen harrapatu ditugu Atekabeltzeko lagunak. Izan ere, Juan Mari Barriolak aitortu bezala, «dena pilatzen baita azken egunetan».

Atekabeltz sortu arte gabezia historiko bat izan du Leitzak: ez zegoen kultur etxerik, gazteak biltzeko, bilerak egiteko edo kultur taldeek lan egiteko txokorik. Duela ehun urte egin zuten Atekabeltz izeneko eraikina; Guardia Zibila egon zen bertan, baina 2003an lekuz aldatu eta abandonatua gelditu zen etxe handia. Orduan hasi zen sortzen herrigunea. Gazteek hondatutako eraikina garbitzeari ekin zioten, beheko solairuan gaztetxea egiteko asmoz. Poliki-poliki talde gehiago batu zitzaizkien eta lantalde bat sortu zuten, lehen kuartela zena balio anitzeko herrigune ireki eta parte-hartzaile bihurtzeko. Bitartean, Udalak fatxada konpondu zuen eta teilatua berritu. Horretaz gain, herrigunea ekimen publikora atera zuen eta Atekabeltzi eman zion hura kudeatzeko ardura.

Zabalik daude espazio honetako ateak, eta zabalago izanen dira AtekaRock jendez betez gero.

GABEZIA HISTORIKOA

Atekabeltz sortu arte gabezia historiko bat izan du Leitzak: ez zegoen kultur etxerik, gazteak biltzeko, bilerak egiteko edo kultur taldeek lan egiteko txokorik. Herritarren ekimenari esker, guardia zibilen kuartela zena balio anitzeko herrigunea da orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo