«Ileak uretan»: zer oroitu eta zer ahantzi behar dugu bizi ahal izateko?
M. I. | DONOSTIA
Inasek, Josu Penadesen «Ileak uretan» (Alberdania) eleberriko protagonistak, telegrama bat jaso du karrerako azken egunean: ama hil zaiola abisatu diote. Orduan hasiko da bere iragana ikertzen eta gauza garrantzitsuak deskubrituko ditu. Bertzeak bertze, nola hil zuten aita 36ko gerran, edo nola ordaindu ahal izan dituen Kimika ikasketak gerran izandako jokabidearen ondorioz aberastutako abueloren diruari esker.
Iruñean irakasle den Bermeoko idazleak hainbat galderaz josi zuen liburuaren aurkezpena. Lehenengoa: nola igarotzen da gaizkia belaunaldiz belaunaldi? Ez gaizki handiak, eguneroko gertaeren bidez igarotzen doazen gaizki txikiagoak baizik. «Horien inguruko hurbilketa literarioa egin dut», adierazi zuen. Adibide bat jarri zuen: «Denok dakigu badirela gerran aberastuak. Demagun guraso horiek umeak izan dituztela. Diru horrekin ordaindutako ikasketak jaso dituzte eta, hala ere, pertsonarik jatorrenak izan daitezke. Badakite nola lortu zuten gurasoek dirua? Baldin badakite, zer sentitzen dute?».
Paragrafoz paragrafo, pentsakor utziko gaitu Penadesek: zenbateko eragina izan dezake iraganak? «Bizitza nolabait bideratua hartzen dugu gure kabuz erabakiak hartu baino lehen. Gero, hortik zer onartzen dugun eta zer aldatu nahi dugun pentsatu behar dugu. Inasek zama handia du, baina aurrera egitea erabakitzen du».
Gaztearen iragana hiru harirekin txirikordatua dago: aitari gertatutakoarekin, abueloren herentziarekin eta amaren jokabidearekin, honek ez baitzion kontatu gerrako konturik.
Gerraren testuingurua
Inasen historian, garrantzitsua da gerraren testuingurua. Gazteari, aitaren eta aitonaren joan-etorrien berri jakin ahala, areagotu eginen zaio galtzaile baten semea izanik garaile baten oinordekoari dagokion oparotasuna edukitzeak sortzen dion sentimendu kontraesankorra.
Hezkuntzaz ere eginen du gogoeta irakurleak, Inas, Perales bezala, irakaslea baita. Kontakizunean klaustro barruko tratua islatzen da, gerraondoko institutu zurrunetatik gaur eguneraino.
Izenburua, «Ileak uretan», idazlearen txikitako burutazio batetik dator. Ganaduaren ileak ikusi zituen askan eta bere buruari galdetu zion: zer gertatuko litzateke ileak suge bihurtuko balira?