Sebas Irazoki Euskal Herrian Euskaraz
Euskararendako lege geriza
Herri euskaldunaren bidean, beraz, konstituzio frantses eta espainolak dira sasi nagusiak. Eta ezinbesteko jauzia da horien inposizioari amaiera emango liokeen ofizialtasuna lortzea
Azkenaldian sarritan entzuten ari gara Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan euskararendako lege gerizaren beharra azpimarratzen duten erranak. Asko eta askotarikoak dira egun hauetan euskararendako lege babesaz ari diren ahotsak. Hala ere, berdinaz ari ote gara guztiok hitz horiek erabiltzean?
Gipuzkoaren eta Nafarroaren ekialdeko mugen bertzalde honetan askotan aipatu izan digute, adibide gisan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eredua. Bertan euskara ofiziala da, omen. Bertan bada lege geriza. Nafarroan ere hala omen da, okerragoa bada ere. Baina Madrilen egindako legeak euskaraz bizitzeko eskubiderik ez du bermatzen ez han, ez hemen. Inposatzen diguten muga pasatzean ere euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara.
Inolako lege babesik ez dagoen guneetako euskal herritarrok segidan sinatuko genuke orain gauden egoeratik horrelako batera pasatzeko. Hala ere, zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian gaztelaniaren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago; euskararen eta euskaldunon menpekotasuna betikotzea; asimilazioa iraunkortzea, bi erdarak lehenetsiz. Horren aitzinean, euskaldunon bazterketa bukatzeko lege geriza, lege babesa, ofizialtasuna behar dugu. Hori aldarrikatzea dagokigu gutxienez, eta horixe egingo dugu martxoaren 31n. Ez dakigu Deiadar manifestaziora joango diren Frantxua Maitia eta estatu frantseseko bertze ordezkariek horrelakorik aldarrikatu dutenez. Ez dugu uste.
Estatu frantsesak eta bere ordezkariek euskara eta estatu frantsesean existitzen diren hizkuntzekiko duten mespretxua aski ezaguna dugu denok. Frantsesek erraten duten gisara, «eskualdeko hizkuntzendako» egin behar zuten legea eta Konstituzioaren 75-1. artikulua, mespretxu horren adibide onenak dira. Hau da euskararen onarpenari buruz lortutakoa: «Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondare dira».
Euskara, gaztelaniaren eranskin gisa erabiltzen da, Konstituzio espainolaren 3. artikuluak dioen bezala: «1.- Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta berau erabiltzeko eskubidea dute. 2.- Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Autonomia Erkidegoetan haien estatutuei dagokien eran».
Herri euskaldunaren bidean, beraz, konstituzio frantses eta espainolak dira sasi nagusiak. Eta ezinbesteko jauzia da horien inposizioari amaiera emango liokeen ofizialtasuna lortzea. Ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Euskara lehentasunezko hizkuntza, berezkoa eta ezagutu beharrekoa dela ezarriko luke. Egun, estatu frantses eta espainolaren menpe gareino, gure hizkuntza menpeko hizkuntza da, euskararen «aldeko» legeak menpeko legeak dira eta euskarari estatus egokirik ez diogu bermatzen ahal.
Horren aurrean, guk, euskaldunok, geure geroaz erabakitzeko eskubidea dugun heinean, geure hizkuntzaren geroa, erabilera eta egituraketa bertatik bertara erabakitzeko eta plantan emateko eskubidea dugula aldarrikatu behar dugu. Frantsesek Frantzian eta espainolek Espainian egiten duten gisa berean.
Aldaketa hauek egin bitartean, ordea, euskaldunok badakigu ezin dugula mugitu gabe gelditu. Urte luzeetan egin dugun bezala, auzolanean tinko segitu behar dugu euskararentzat leku berriak irabazten, zonalde euskaldunak sortzen eta mantentzen, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez, erdarekiko dugun sumisio jokabidea aldatzen, herri euskalduna gaurdanik eraikiz.
Euskarak, Euskal Herriak eta euskaldunok ofizialtasuna behar dugu. Garaiak aitzina doaz, gure aldarrikapenak ere bai. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea behar dugu.
Deia luzatu nahi diegu hemendik euskaltzale guztiei heldu den larunbateko Deiadar mobilizazioan parte har dezaten.