Europak baditu prozesuan zeresan eta zereginak
Bruselako Adierazpenaren bigarren urteurrenean, Euskal Herriko bake prozesuak hitzordu berria izan zuen Europako hiriburuan. «Aieteko Adierazpena: Euskal Herrian bakea lortzeko bide-orria?» izenburupeko ekitaldia burutu zen Legebiltzarrean. Bertan, Aieteko Adierazpenaren sinatzaileen izenean, Tony Blairren kabineteburu ohi Jonathan Powell argiro mintzatu zen: «ETAren desegitea nahi badute, konprometitu eta hitz egin behar dute». Prozesuaren aurrerabideak -prozesua horixe baita, prozesu bat eta ez ETAk armak utzi izanaren gertakizun soila- negoziaziorako esparruak eta mekanismoak eskatzen baititu. Espainiar gobernua bustitzea, bata bestearen atzetik trabak jartzeari eta ezinezkoak eskatzeari uztea. Kolpe bakarrean bakerantz aurreratzeak -iazko urrian gertatu legez- hustuta geratzeko arriskua dakar. Horregatik da inportantea tentsioa erne atxikitzea, konpromiso praktiko berriekin prozesua elikatzea, ezinegon eta paralisiarekin betetzerik izango ez diren hutsuneak ekiditea. Konprometitu beharra dago, beraz, Powellek esan legez, gauzak ez direlako mirariz, xirmi-xarma, lortzen.
Europar Batasunak prozesua laguntzea eta bultzatzea inportantea da. Legebiltzarrak, Batzordeak ala Kontseiluak ez dute lideratuko, baina zeresana badute eta baita zeregin ugari ere. Adibidez, Europako barne mailako gatazketan jada aplikatu diren neurri komun eta estrapolagarriak ezarriz.