Xiru jaialdia, kulturaren unibertsaltasunaren zein euskaltasunaren gorazarrea Zuberoan
Idoia ERASO | BAIONA
Xiru sormenaren eta musikaren jaialdiak 23. edizioa egingo duen urtean, sorburu izan zuen dinamikak 40 urte bete ditu. Gotainen martxoaren 30etik apirilaren 1era era guztietako kultur ekitaldiak izango dira. Izan ere, berrogei urte dira Zuberoako txoko batean arteak bere tokia zabaldu zuenetik. Gotaine-Iribarnen eta Alozen ez dituzte bortuko abotsak ahantzi, baina ezta Marokoko berbereenak ere. Ez dituzte ahantzi «Han Francoren ülünean, heben Frantziaren argi-bakartasünean, Ez dok Hamahiru, Gaur taldeak, Joseba Sarrionaindiak, Eñaut Etxamendi eta beste hainbestek egin züten lana», azaldu zuen Mixel Etxekopare antolatzaileak.
Ez baitute ahantzi, aurten festibalerako bereziki egina den sorkuntzak «Xiru Sarri» du izena. Joseba Sarrionaindiari egingo dioten «bisitak» Ander Lipusen ahotsa eta Mixel Etxekopar eta Jean Christian Galtxetabururen musika eta kantuak izango ditu lagun.
Ez baitute ahantzi nor izan zuten duela berrogei urte dinamikari hasiera ematen, aurten ere Eñaut Etxamendi presente izango da festibalean. «Aurtengo Xirun Etxamendi itzuliko zaigu bere betiko suaren aipatzera... kantua bai, baita ere literatura, euskaltasuna...»
«Ez zirelakoz bat, ez zirelakoz ados, bildü ziren, sortü züten, hitzez, kolorez, artez plazan agertü ziren, eüskara sükaldetik plazara elki züten...», hitzekin azaldu zuen Etxekoparrek azken lau hamarkadetan egin den arteari eta lanari egiten dion omenaldia.
Marokora «bisita»
Bere txokotik jaialdiak aurkezten duen unibertsaltasunarekin bat eginez, Euskal Herriko omenaldiarekin batera urrunagokoak ere gogoan atxikitzen ditu. «Marokoko berbereak haiei arrapostü emaiteko, Amazigh izana eta hitza ere ez zelakoz beti izan...». Oudaden taldeak amazigh-berbere doinuak zabalduz egiten ari den mundu biraren barruan kontzertua eskainiko du martxoaren 31n. Urtero eskultura baten sorkuntza ere nabarmentzen dute, eta arte ibilbidean ezartzen da. Aurten Chabab artista irandarrak kokatuko du bere azken obra Zuberoan. Kontzertu, antzerki eta beste ekimen anitz ere izango dira.