GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako festen afixak jai giroa du protagonista

Uztailaren 25etik 29ra iragango diren Baionako festen afixa ezagutzera eman zuten atzo. Festa giroko irudi topikoak islatzen ditu aurten Veronique Saüquere-Hubert akizetarrak sortu duen kartelak. Egilea grafista eta ilustratzaile ezaguna da telebista eta literatura munduan.

p013_f02.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Baionako festetako afixaren lehiaketara aurkeztu ziren 98 proposamenen artean, Veronique Saüquere-Hubertek egindakoa izan da irabazlea. Ilustratzailearen irudietan ezaguna den komiki estiloa eta bestalari tipikoaren erreferentziak nabarmentzen dira.

Iazko afixaren estiloaren ildotik, aurten ere festa giroko hainbat topiko eta estereotipo islatzen dituen kartela izan da irabazlea. Baionako katedral eta zubiarekin batera, zezenak eta musika bandak agertzen dira. Baionako xingarraren ondoan, piperrak (Ezpeletako biperrari keinu eginez) dantzan direla ikusten dira.

Afixako pertsonaia nagusien artean, txapel gorria buruan kaskainetekin sevillanak dantzatzen ari den emakumearen irudia nabarmentzen da. «Afixaren sortzeko, mugimendu borobil batean eta zuen bertako folklorean oinarritu naiz», adierazi zuen Veronique Saüquere-Hubert ilustratzaileak atzo Baionan.

Kartel lehiaketako oinarriek ezarritakoari jarraituz, frantsesaz gain, festen iragarpena euskaraz eta gaskoiz ere azaltzen da: «Baionako Bestak» eta «Las Hèstas de Baiona».

Lehiaketara aurkeztu ziren parte-hartzaile guztien artean batzorde batek aukeratu zituen lau kartelekin erakusketa antolatu zen Baionako zezen-plazan, eta bertara hurbildutakoen artean Akizeko ilustratzaileak egindako afixak lortu zituen boz gehien: 819tik 339k egin zuten irabazlearen aldeko hautua.

Ilustratzaile ezaguna

Veronique Saüquere-Hubert grafista eta ilustratzaile ezaguna da, bereziki Zoe Kezako pertsonaiaren sortzailea delako. Haurrentzako liburuen protagonista den pertsonaia hori oso ezaguna egin da marrazki bizidunen telesail bat ere egin dutelako berarekin.

Aldi berean, grafista moduan ere lanean ari da 1986. urtetik. Publizitatearen munduan emakumeentzako aldizkarietan lanean aritu da. Estatu frantseseko telebista publiko eta priba- tuetan animazio filmeetako sorkuntzetan ere aritu da.

Aurten irabazle suertatu aitzin Saüquere-Hubert beste bi aldiz aurkeztua zen lehiaketara. Aukeratua izateagatik ilustratzailea oso pozik agertu zen atzoko aurkezpenean.

Bere webgunean (www.veronique-sauquere.com) atzo goizean agertzen zen berria, bera zela Baionako bestak iragartzeko kartel lehiaketako irabazlea.

Ilustratzailea Landeseko hirikoa izanik ere, ondo ezagutzen du Lapurdiko hiriburua, bere ikasketak Rene Cassin lizeoan egin baitzituen eta horrek Baionarekiko atxikimendu handia ekarri dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo